Sormena landuz, martxoaren 8rako herritarren artelanak bildu nahi dituzte

Ataria 2022ko urtarrilaren 25a

2016an Lizartzako udaletxean jarritako pankarta.

Lizartzarrei ipuinak, olerkiak, bertsoak, ilustrazioak edota kontakizunak idazteko eskatu diete, eta ondoren, bilduma batean jasoko dute.

Martxoaren 8ra begira herritarren sormena dantzan jarri nahi du, beste urte batez, Kalamatrike euskara eta kultura taldeak. Iaz egin bezala, aurten ere herritarrei ipuinak, olerkiak, bertsoak, ilustrazioak edota kontakizunak idazteko eskatu diete, berdintasuna, irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko asmoz. Eta horrela, Emakumearen Nazioarteko Egunerako bilduma bat osatu nahi dute jasotzen dituzten artelanekin. Otsailaren 27rako bidali beharko dira lanak kalamatrike@gmail.com helbidera, edo, bestela, liburutegian aurkeztu beharko dira. 

Herritar bakoitzak lan bakar bat aurkezteko aukera izango du, eta testua den kasuetan gehienez 6.000 karaktere izan beharko ditu. Ilustrazioa denetan, orrialde bateko tamainan egiteko eskatu dute, hau da, A4 neurrian. Lan guztiei egilearen izen-abizenak eta lanaren izenburua jarri beharko zaie. Kalamatrikek herritarrei parte hartzeko gonbidapena egin die, "begiak itxi, buruari eragin eta adimena ireki" dezaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!