«Urte guztiko lanketa izaten du udan biltzen den uztak»

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 18a, 11:55

Lizartzako Kulturaldiaren barruan hitzaldia eskainiko du Eneko Solana legazpiarrak. Sagarrondoen urte osoko zainketaren inguruan ariko da, azaroaren 25ean, 18:30ean, Lizartzako udal aretoan.

Itsasoko Hariztizabal baserriaren ardura hartu zuen duela bi urte eta erdi Eneko Solana legazpiarrak, eta besteak beste, sagarrondoak ditu baserrian.

Hitzaldirako guztia prest?

Bai, apunteak osatzen ari naiz. Bi urte eta erdi dira baserriko erreleboa hartu genuenetik, eta nik orain arte bizitu dudana kontatzeko prest nago.

Kaletik baserrirako bidea egitea erabaki zenuen.

Familia proiektu bezala hartu genuen, animatu egin nintzen erreleboa hartzera. Legazpiko kontsumo taldearen bidez erosten genien ogia Xabi Akizuri eta Marilu Gardokiri, eta txikitan, beraien baserrian, Hariztizabalen, ogi eta gaileta ikastaroak jaso nituen. Ondoren, interes batekin gerturatu ginen baserrira eta poliki-poliki erreleboa lantzen joan gara.

Ogi eta fruta zaintza ekologikora bideratu duzue jarduna.

Bere garaian, Xabik eta Mariluk 1.000 sagarrondo inguru landatu zituzten, 30 mota ezberdinetakoak gutxi gorabehera. Guztiak mahaiko sagarrak dira, jatekoak. Ekaina inguruan San Juan sagarra biltzen hasten gara eta tartean beste sagar motak bilduz, Errezil sagarrarekin azaro inguruan amaitzen dugu.

Urte guztian zaindu behar izaten dira ordea. Hortik doa zure hitzaldia?

Fruta bere garaian biltzen duzu, baina zainketa behar dute gero. Esaterako, kiwiak zainketa handia behar du, baina, sagarrondoei Euskal Herrian, normalean, ez zaie kasu berezirik egiten. Gure sagarrondoei bai, gureak txertatuak dira, altura baxukoak. Lanketarako ere errazagoa da, baina zaintzea eskatzen dute. Neguan kimaketa dela, udaberrian sasiz garbitzea dela, bakanketa dela, aleak ere kentzen ditugu gero ale tamaina handiagoa biltzeko. Urte guztiko lanketa izaten du udan biltzen den uztak.

Lizartzan gomendioak emango dituzu?

Nik daukadan esperientziatik ariko naiz. Urte osoko lanketaren nondik norakoak azalduko ditut, kimaketa nola egiten dugun, erabiltzen ditugun trikimailuak, bakantzearen garrantzia eta orokorrean sagarrondoaren inguruan nik orain arte ikasi dudana azalduko diet bertaratzen direnei.

Erlazionatuak

Gaur hasiko da kulturaldia

Tolosaldeko Ataria 2021 aza 18 Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!