Irakurketa jolas moduan ikusteko saioak egingo dituzte

Ataria 2021ko urr. 14a, 11:59

'Irakur jolas txokoa' izeneko irakurketa kluba abiaraziko dute Lizartzan hilabete honetan; adin tarte bakoitzak hiruna saio izango ditu eta izena eman beharko da.

Haur, gaztetxo eta gurasoentzat irakurketa kluba abiatuko dute datorren astetik aurrera Lizartzan. Bigarren urtez jarraian antolatu dituzte saioak eta aurten ere Mari Garcia Galtzagorri elkarteko kidea izango da dinamizatzailea. Adin tarte bakoitzeko hiru saio egitea aurreikusi dute eta Lizartzako liburutegian eman beharko da izena aurrez.

Irakur jolas txokoa du izena dinamikak. "Txikitatik irakurketa jolas bat bezala ikustea" nahi du Garciak. Horretarako, haur eta gurasoak liburutegira elkarrekin joatea bultzatzen da, familian parte hartzeko.

2008tik 2011ra bitartean jaiotakoek hilaren 18an izango dute lehen saioa, eta azaroaren 15ean eta abenduaren 13an izango dira beste bi saioak, 17:00etan, liburutegian. Taldetxo bat osatu dela kontatu du Garciak, nahiz eta adin tarte horretan ez den hain erraza: "Adin horretan irakurle sutsuak izan daitezen nahi dugu, baina lehenagotik ez badugu literatura zerbait polita bezala ikusteko ezer egin, zaila da 10 urterekin bat-batean irakurle onak sortzea".

2015etik 2017ra jaiotakoek batetik, eta 2012tik 2014ra jaiotakoek bestetik, urriaren 27an, azaroaren 24an eta abenduaren 15ean izango dituzte saioak; lehen taldekoak 17:00etan, eta bigarrenekoak 18:00etan. Bi talde hauetako haurrak heldu baten laguntzaz joan beharko dute saioetara.

Dinamizatzaileak irakurketa batekin hasten du saioa, olerki batekin jarraitzen du, abesti batzuk ikasten dituzte eta jolasak egin eta album ilustratuekin aritzen dira. Azken 10-15 minutuetan gurasoek haurrekin disfrutatu dezaten uzten du eta tertulia txiki bat egiten dute guztia komentatzeko. "Gurasoei etxeko lan txiki bat ere ematen diet: abestiren bat, ipuinen bat ekartzeko eskatzen diet hurrengo saioan aurkezteko", azaldu du Garciak.

Haurrek ipuin, kantu edota olerkiekin "gozatu" dezaten nahi izaten du dinamizatzaileak, eta aldi berean gurasoen prestakuntza bilatzen du. "Gurasoek ikasi egin behar dute ze literatura den egokiena beraien haurrentzat; hori partekatzen dugu". Parte hartze aktiboa eskatzen die familiei, "autonomiaz haurrekin literatura lantzeko gai sentitu daitezen". Izan ere, esan duenez, "ordubeteko saio horietan ezin dugu etxean egiten ez denik egin". Eta gogorarazi du etxetik sortu behar dela giro hori.

Irakurketa sustatzea, kalitatezko euskal bibliografia ezagutzea, guraso eta hezitzaileek haurren arteko irakurketa giroa sortzea, ozenki irakurtzen trebatzea eta haurrak giro lasai batean egotea dira, besteak beste, Garciaren arabera, Irakur jolas txokoak dituen helburu nagusiak.

Iaz "oso gustura" aritu zela kontatu du. "Herri txikia izanik, oso gertukoak egin zitzaizkidan haurrak nahiz familiak, oso giro polita eta epela sortu genuen".

Irakurle taldea

Irakurzaletasunarekin jarraituz, Alegian eta Berastegin, gaur izango dituzte irakurle taldeetako saioak. Alegiako kasuan, Mikel Ayllonen Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburua landuko dute, 18:00etan, Alegiako liburutegian, Amaia Goikoetxea dinamizatzailearen eskutik.

Berastegin, berriz, Harkaitz Canoren Twist liburuaz ariko dira, gaur, 18:00etan, udal liburutegian. Ikasturte berriko lehen saioa izango dute, Ione Gorostarzu dinamizatzailearen eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!