Dibertsitate funtzionala duten pertsonengana gerturatuz, Axurdariora irteera

Eneritz Maiz Etxarri 2021eko ekainaren 19a

Gaur goizean Lizartzako ondare historikoa ezagutzeko ibilaldia egin dute Axurdariora, eta Gasteizko Montes Solidarios elkarteak dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako aulki berezi bat ekarri du, eta ikusmen arazoak dituztenentzako norabide barra. Akerbeltz espeleologia eta kultur taldeak, Aranzadi zientzia elkarteak eta Otsabio kirol elkarteak antolatu dute egun osorako egitaraua.

Axurdariora igo dira gaur goizean Lizartzako ondare historikoa ezagutzeko. Akerbeltz espeleologia eta kultur taldeak, Aranzadi zientzia elkarteak eta Otsabio kirol elkarteak antolatu dute irteera. Axurdario ezagutu dute bertako mito, geologia eta historia ezagutuz. Haitzuloak eta haitzulo karstikoen lurpeko mundua, eta bertan dagoen trikuharria.

Baina ondare historikoa ezagutzeaz gain, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako prestatutako aulki berezia eta ikusmen arazoak dituztenentzako norabide barra ekarri dituzte Lizartzara Gasteizko Montes Solidarios elkarteko kideek. Azalpenak eman dizkiete bertaratuei eta probatzeko aukera ere izan dute. Jon izeneko gazteak, begiak estalita eta barrari helduta egin du Axurdariorainoko bidea. Bere begirik ez, baina aurrean bi begi eta atzean beste bi begi izan ditu bidea egitea. Eta bide osoan zehar azalpenak eman dizkiote bidearen nolakotasunaz jakiteko. Koska eta zailtasun guztiak pasa ditu norabide barrari helduta. Aldiz, beherakoan, aulki berezia probatu ahal izan dute, eta honela, dibertsitate funtzionala duten edozein pertsonek mendiaz eta naturaz gozatzeko eskubidea eta ahala dutela erakutsi dute.

Arratsaldean jarraipena izango du egitarauak, eta historiaurrean sakontzeko tailerra eskainiko du Aranzadiko arkeologoa den Jesus Tapiak. 16:30ean herriko plazan izango da. Besteak beste, historiaurreko materialaz hitz egiteko, sua nola egiten den ezagutzeko eta arkuen bidezko ehizan sakontzeko aukera izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!