Lizartzako ondare historikoa ezagutuko dute larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 16a, 11:59

Axurdariora igoko dira goizean eta arratsaldean historiaurreko tailerra antolatu dute; dibertsitate funtzionala dutenentzat egokitutako aulki bat ikusteko aukera izango da.

Lizartzako ondare historikoa ezagutzeko ibilaldi bat egingo dute larunbatean Axurdariora. Akerbeltz espeleologia eta kultur taldeak, Aranzadi zientzia elkarteak eta Otsabio kirol elkarteak antolatu dute egun osoko egitaraua. Goizean irteera egingo dute mendira eta arratsaldean historiaurreko tailerra izango dute plazan.

Axurdarion dagoen trikuharri bat bisitatuko dute goizean, 09:00etan, Lizartzako plazatik abiatuta. Ondarea ezagutzeko, Aranzadiko arkeologoa den Jesus Tapiaren laguntza izango dute, eta ibilbidean historiaurreaz, floraz, faunaz, mitologiaz, haitzuloez, karstaz eta beste hainbat kontuz ariko dira. Arratsaldean, berriz, historiaurrean sakontzeko tailerra eskainiko du Tapiak, 16:30ean, plazan. Besteak beste, historiaurreko materialaz hitz egiteko, sua nola egiten den ezagutzeko eta arkuen bidezko ehizan sakontzeko aukera izango da.

Iñaki Alonso Akerbeltz taldeko kideak azaldu duenez, guztira lau kilometro inguruko joan-etorria egingo dute goizean, "edonork egiteko modukoa". Izango du berezitasun bat mendira egingo duten ibilaldiak: Gasteizko Montes Solidarios elkarteak dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako aulki berezi bat ekarriko du eta ikusmen arazoak dituztenentzako norabide barra. "Erakutsi nahi dugu mugikortasun zein ikusmen arazoak dituztenak berdin-berdin joan daitezkeela mendira". Horren erakusle izango dira aulkia eta barra.

Jendeak aulkia nolakoa den ikustea nahi dutela esan du Alonsok, izan ere, Akerbeltz taldeak aulki bat edo bi erosi nahi ditu Tolosalderako: "Behin aulkia eskualdean izanda, inguruko familiek, elkarteek edota norbanakoek erabiltzea nahiko genuke, mendizaletasuna inklusiboa delako".

Larunbatean, beraz, aulkia nola muntatzen den erakutsiko dute, zein ezaugarri dituen eta nola garraiatu behar den. Momentuz ez dute mugikortasun arazoak dituen inor topatu aulkia proba dezan. Deialdia luzatu dute, eta esan dute norbaitek probatu nahiko balu, harremanetan jartzeko beraiekin.


Araxesen inguruan lanean

Akerbeltz espeleologia eta kultur taldea, Aranzadi elkartearekin batera, Araxes errekaren inguruan eta Basabe ibaiadarraren bailaran dauden kobazuloetan lanketa bat egiten ari da. Katalogatuta dauden kobazuloak berriro ere ikusten ari dira, topografia egiten, eta arkeologia aldetik ere ari dira lanean; "ea zerbait aurkitzen dugun", dio Alonsok. Era berean kobazulo berriak ere ari dira aurkitzen.

Esplorazioaz arduratzen da Akerbeltz eta Tapia arkeologoaren laguntza ari dira izaten lanerako. Inguru horretan kobazulo asko daudela zehaztu du Alonsok, "arriskutsuak diren asko daude, eta batzuetara iristea ere kosta egiten da, baina badira handiagoak diren batzuk ere".

Esplorazioaz gain, mitologiaren inguruan ere «informazio interesgarri asko» daukatela dio: "Zezengorri gaztetxearen izena nondik dator, esaterako? Otsabion kokatutako istorio bat daukagu", kontatu du.

Azken irudian, Lizartzako Kaitxiki kobazuloa. Argazkiak: Akerbeltz espeleologia eta kultur taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!