'Bideak' dokumentala ikusteko aukera, Aritz Ganboa artzainaren eskutik

Ataria 2021eko otsailaren 16a

Larunbatean, 18:30ean, Lizartzako zimitorioan proiektatuko dute; bertaratu nahi duenak aurrez izena eman beharko du udaletxean edo 673 905 685 zenbakian. 

Aritz Ganboa Arruazuko artzainaren erronka abiapuntu duen Bideak dokumentala ikusteko aukera izango da larunbatean Lizartzan. Iazko urrian egindako kirol erronka bat bildu du filmean: bere arbasoen herriak, Arruazu eta Izaba, korrika lotu zituen mendiz, berekin Idiazabal gazta bat zeramala. 170 kilometro guztira. Helmugan Erronkariko gazta batekin egin zuen trukea. Helburua landa eremua eta artzaintza balioan jartzea zen.

Dokumental hori ikusgai izango da, larunbatean, 18:30ean, zimitorioan. Kalamatrike taldeak eta Lizartzako Udalak antolatu dute, eta Aritz Ganboa bera dokumentala aurkezten izango da. Ondoren, berarekin solasean aritzeko tartea ere izango da. Aurrez izena eman beharko da udaletxean bertan edo 673 905 685 telefonora deituta. 100 lagunentzako edukiera mugatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!