'Olentzaro bidea' egiteko aukera izango dute lizartzarrek abenduaren 24an

Ataria 2020ko abenduaren 17a

Baserritarrez jantzi, linterna eskuan hartu eta 16:30etik 18:00etara bitartean osatu ahalko da ibilbidea; abenduaren 18a baino lehen izena eman behar da liburutegian.

Eguberri bezperan, abenduaren 24an, ibilbide bat prestatu du Kalamatrike euskara eta kultura taldeak, Lizartzako Udalaren laguntzarekin, Olentzaro bidea deiturikoa. 16:30etik 18:00etara bitarte izango da eta aurrez izena emateko eskatu dute liburutegian; apuntatzeko azken eguna abenduaren 18a izango da.

Parte hartzaileak baserritarrez jantzita joateko gonbidapena egin dute, eta 12 urte bitarteko haurrak heldu baten laguntzaz osatu beharko dute ibilbidea. Ibilbidea egiteko linterna bat eramatea gomendatu dute. Anotlatzaileek esan dute indarrean dauden segurtasun neurriak beteko dituztela.

Era berean, abenduaren 24ko beste proposamen bat ere egin du Kalamatrike taldeak. Herritarrek eguberrien inguruan egindako ekarpenekin erakusketa bat jarri nahi dute zimitorioan. Maketa, marrazki, panpin edota jaiotza egiteko eskatu diete herritarrei, eta 16:00etarako zimitoriora eramateko eskatu diete, bertan erakusketa jartzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!