Jaka VS Altuna III _ Buruz Buruko Finala 2020

Handiak txikiari begiratzen dionean

Aurreko artikuluan euskal pilotaz eta pilotarien lanaren garrantziaz aritu nintzen, eta aurreko asteburuan pilotak eman dio Lizartzako herriari Gabonetako argiek ematen duten distira. Herria altxa da, herria alaitu da, herria jantzi da eta herriak abestu du herriko pilotariaren alde.

Une honetan Gabonetako argiak dira eztabaidagai hiri edo herri handietan; batzuek argiek emaniko goxotasun eta poza beharrezkoa dute bizi dugun tristura egoerari aurre egiteko eta berau, gezurretan bada ere, pixka bat apaintzeko. Beste batzuek aldiz, koherentziaren logikari jarraituz, kontsumismo inkoherentearekin bukatu eta argietan eginiko gastu ekonomikoa ostalaritza zein bestelako sektore kaltetuak laguntzeko bideratzea eskatzen dute.

Gure herri txikian ordea Gabonetako argien inguruan eztabaidatzen jardun ordez, udala herriko talde ezberdinen laguntzarekin, bere indar eta baliabide guztiak ipintzen ari da kulturaren sustapenean. Aberasgarria eta txalotzekoa izan beharko lukeen hau ordea, arazo bilakatu da handia txikiari begira jarri den unean. Izan ere, buruz buruko finalaren ondorengo astelehenean, tamalez, komunikabideetan hitz gehiago izan ziren herriak antolaturiko ekintzak epaitzeko, pilotaria bera zoriontzeko baino.

Izandako erantzuna ez da harritzekoa, izan ere handiak ez du txikiaren errealitatea ezagutzen, eta ezin du ulertu herri txikietan ekitaldi antolatuak segurtasun osoz burutu ahal direla, besteak beste, biztanle kopurua, eta ondorioz partaide kopurua, nabarmen txikiagoa delako, eta espazioa aldiz handiagoa. Gainera, ausartuko naiz esatera, pandemia guztiaren aurrean, landa eremuko biztanleak herrien txikitasunagatik babestuago egon garela.

Aberasgarria eta txalotzekoa izan beharko lukeen hau ordea, arazo bilakatu da handia txikiari begira jarri den unean

Noski, ez gaude ohituak begirada berri hauetara, orain arte alderantzizko joera izan baita; herri txikiak handiari begiratu dio, eta herri txikietako gazteak abitu dira handietara beraien bizitzak beteko dituzten gauzen bila. Oraingoan ordea, begiradek norabidea aldatu dute, kaleak landari begiratzen dio, eta landa begira duen kaleari izugarrizko lezioa ematen ari zaio; landak ez du Gabonetako argirik behar giroa goxatzeko, nahikoak dira urte sasoi honetan jaiotzen ari diren arkumeak hori egiteko. Landan, distantziak egituraren parte dira, eta jendea pilatzen bada ere, hiriko auzo bat bezainbesteko kopuruaz ari gara. Telebistak ere, gauzatutako ekintzak zalantzan jarri eta epaitu izan baditu ere, oraingoan begirada norabide berean jarri du eta landan izan da ate joka; aurreko igandean Lizartzako frontoian buruz buruko final bateko giro originala bizi ahal izan genuen eta astelehenean berriz emozioaren gorena, hori irudietan, eta egungo egoeran, beraientzat galtzen utzi ezin den altxor moduko bat.

Beraz, aurreko igandean Erik Jakak lortu bazuen edozein pilotariren amets gorena, lehen mailako buruz buruko txapela; Lizartzak, lortu du edozein herri txikiren ametsa, herri bizia izatea. Merezimendu osoz eta bihotz-bihotzez, zorionak biei!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!