Niri, tamalez ez, baina ez hain zorionez askok pentsatu ahal duten moduan, pilota mundua gertutik bizi izatea egokitu zait. Horregatik, irailaren 15eko Beotibar pilotalekuko agerraldiaz jakin nuen momentuan «BAZEN GARAIA» batekin erantzun nuen. Zergatik? Ba lehen pertsonan bizi izan ditudalako urtebeteko kontratu mugatuak, txapelketen presioak, asteburuetako eta dietarik gabeko behealdeko bidaiak, oporrik gabeko udak, partidarik gabeko hilabete bukaerak, astelehenean erditu eta nekez jositako gorputzarekin haurtxoa bularrean nuela aitatxoren ostiral gaueko telebistarako partida, gure ezkontza egunean arratsaldean jokatutako Burgosko partida eta abar eta abar. Baina txikikeriez ari naiz, pilotariek jakinarazi dute egoera gehiago okertu dela.
Pilota mundua eta pilotariak berak, amatasun zein aitatasuna bezala, idealizazio eta mitifikazioaren biktima izan dira. Pilotari hitzak arrakasta eta famarekin konektatzera eramaten gaitu eta gazte askoren ametsa bihurtu da pilotari profesional izatea. Enpresak, ordea, idealizazioak sorturiko amets horien alderdi emozionalaz baliatzen dira baldintza kaxkarrenak eskainiz aurrera egiteko. Alabaina, Izaro Andres abeslariak adierazpen batzuetan esan zuen bezala, «arrakasta izatea, gustukoa duzun hori egiten duintasunez bizitzeko aukera izatea da». Aldiz, fama eta arrakasta ez doaz eskutik lotuta. Horixe da Baiko enpresako pilotari ia guztiek aldarrikatu dutena: «Duintasuna».
Pilota ez da bi enpresen kirola, pilota euskaldun guztion kirola da eta lan-baldintza duinak gizaki ororen eskubide
Gertakariek albiste morboso baten antza izan badute ere, nire ustez, sozialki eta pedagogikoki esanahi sinboliko handia dute, eta irakasleek aukera bikaina dute gertatutakoa ikasgeletara eramateko. Izan ere, ausardia handiz eginiko aldarrikapena izan da, famaz eta lehiaketaz harago duintasuna lehenetsi dute, talde izaeraren eta laguntasunaren garrantzia azpimarratu eta egozentrismoa zigortu dute. Taldetik at geratu diren bakar batzuetatik, ikasi ahal izan dugu handienek ere existitzen ez den fantasiazko tronua galdu ahal dutela umiltasunaren arauak zapaltzean, eta irabazitako txapel handienek ere ez dutela gizatasuna bezain besteko baliorik.
Beste sektoreetako langileei bezala, pilotariei ere, asko daukagu eskertu eta txalotzeko, beraiek baitira plazeraren iturri, parranda askoren bidelagun, adrenalinaren sortzaile, pilota eskoletako haurren ilusio, izerdi patsetan gurekin argazkia ateratzeko prestu daudenak, lagun baten bitartez seme-alabaren kamiseta sinatzen dutenak, eta abar, eta abar. Gainera, pilota ez da bi enpresen kirola, pilota euskaldun guztion kirola da eta lan-baldintza duinak gizaki ororen eskubide, beraz, zergatik ez pilotariekin bat eginez guk ere planto egitea? Gizarte kontsumista honetan, ez dago politika egiteko modu hoberik gure zentimo bakoitza non ipintzen dugun erabakitzea baino.