Gaur hasiko da Lizartzako Kulturaldia

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 19a, 10:59
Fernando Rojoren 'Bazterrak, begiradak, koloreak' erakusketa ikusi ahal izango da Kulturaldiaren barruan.

Lizartzarrek hainbat kultur ekitaldirekin gozatu ahal izango dute gaur hasi eta azaroaren 29a bitarte. Kalamatrike taldeak eta udalak antolatu dute Kulturaldia, Lizartzako parrokiaren laguntzarekin. 

Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, bakarra izan ezik; azaroaren 29an egingo duten buruarin tailerra. Bertan parte hartzeko 10 euro ordaindu behar dira. COVID-19a dela eta ekitaldi guztietan parte hartzeko aurrez eman behar da izena; goizez udaletxean eman ahalko da eta arratsaldez liburutegian, dena den whatsappa bidali daiteke ere 673 90 56 85 telefono zenbakira. Ekitaldietan parte hartzeko lekuren bat libre geratuz gero, ekitaldia bera baino lehen bertaratuta, sartzeko aukera egongo da. 

Lehen ekitaldia gaur bertan izango da, 19:00etan. Amets Arzallus gerturatuko da Lizartzara Miñan liburuari buruz hitz egiteko. Liburuan Ibrahima Balderen bizipenak kontatzen dira, ginearrak ahoz kontatutakoa idatziz jaso baitzuen Amets Arzallus Antiak.

Ondoren, ostiralean, Fernando Rojoren erakusketa bat irekiko dute. Bazterrak, begiradak, koloreak argazki bilduma 19:00etan zabalduko dute eta bertan izango da Rojo bera, azalpenak emateko. Erakusketa Kulturaldiak irauten duen bitartean ikusi ahal izango da, udal aretoan, 16:00etatik 19:00etara.

Egitaraua

  • Gaur, azaroak 19: Amets Arzallusen hitzaldia, 19:00etan, elizan, Miñan liburuari buruz.
  • Bihar, azaroak 20: Fernando Rojok Bazterrak, begiradak, koloreak argazki erakusketa jarriko du udal aretoan. 19:00etan inauguratuko dute eta Rojok berak emango ditu azalpenak.
  • Azaroak 21, larunbata: Andoni Mutiloaren Esnatu naiz kabareta, 19:00etan, Zimitorioan. 12 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan behar dira.
  • Azaroak 26, osteguna: Aleka hazien tailerra egingo dute 18:30ean, udal aretoan.
  • Azaroak 27, ostirala: Animadeba film laburren maratoia 19:00etan, udal aretoan.
  • Azaroak 28, larunbata: Aire Ahizpen emanaldia 19:00etan, elizan.
  • Azaroak 29, igandea: Buruarin tailerra, 11:00etan, frontoia. Tailerrean parte hartzeko 10 euro ordaindu behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!