Finaletik kanpo geratu da Jaka

Ataria 2020ko urriaren 5a

Zabaleta bikotearekin batera 14-22 galdu zuen, larunbatean, Agirre eta Albisuren aurka, Binakako Txapelketaren finalerdietako bigarren jardunaldian. Hurrengo partida irabazi arren, ez dute aukerarik finalerako sailkatzeko.

Jaka eta Zabaleta bikoa zein Agirrek (Lasoren ordez) eta Albisuk osatutako bikotea lehenengo partida galduta iritsi ziren Bilbora eta finalerako aukerak izateko behar beharrezkoa zuten irabaztea. Partidako lehenengo tantoak Jaka-Zabaletarenak izan baziren ere, Agirrek eta Albisuk laster hartu zuten aurrea markagailuan eta hogeita bigarren tantora iritsi arte jarraitu zuten.

Jokoak aurrera egin ahala, abantaila gero eta handiagoa izan zen urdinen alde eta azkenean 14-22 irabazi zuten Agirre-Albisuk.

Bigarren jardunaldiko beste partidan Olaizola II-Urrutikoetxea bikoak 22-13 irabazi zien Ezkurdia-Martijari, eta, beraz, finalerako sailkatu da Baiko enpresako bikotea. Hirugarren jardunaldian Ezkurdia-Martija eta Agirre-Albisu bikoteen arteko partidatik aterako da beste finalista. Partidetako bat larunbatean jokatuko da, Bilbon, eta bestea igandean, Tolosan. Oraindik ez dute zehaztu zein pilotari ariko diren leku bakoitzean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!