Erik Jaka: «Sentsazio onekin iritsi naiz»

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 1a, 15:59

Bizkaia frontoian atzo egindako material aukeraketan, Albisu, Agirre, Jaka eta Zabaleta.

Larunbatean jokatuko dute, Bilbon, Jaka-Zabaletak eta Agirre-Albisuk binakakoaren finalerdiko partida.

Binakako Pilota Txapelketari ekingo diote berriro, finalerdietako bigarren jardunaldia jokatzeko, eta larunbateko partidan Erika Jaka lizartzarrak jokatuko du. Zabaleta atzelari duela, Agirre eta Albisu izango ditu aurkari, Bilboko Bizkaia frontoian, 17:30ean hasiko den jaialdiaren bigarren partidan. Jakak sentsazio «onak» dituela esan du: «Uda ezohiko baten ondoren, lesio bat ere pasata, uste dut baldintza onetan iristen naizela, eta gogotsu nago partidarako». Udan izandako lesiotik orain hilabete berreskuratu zen lizartzarra: «Sentsazio onak berreskuratzeari eman diot garrantzia. Bi partida jokatu ditut lesiotik bueltan eta sentsazioak hobetzen joan dira, eta esperantza dut oraindik, are eta gehiago hobetuko direla».

Zabaletarekin ez da asko egon Jaka. Azken unera arte Caixabank Mastersaren partidetan aritu da atzelaria. «Ondoren pixka bat atseden hartu du, eta aste honetan elkarrekin egoteko aukera izan dugu, eta uste dut biak ondo iritsi garela», esan du lizartzarrak. Hainbat hilabeteren ondoren, berriro binakakoari heltzea arraro egiten zaiola esan du: «Torneo luze batetik gatoz, eta kolpetik sartzen gara guretzako hil ala biziko partida batera. Ez gara zerotik hasten, lehen partida galdua dugulako, baina sentsazio onekin gaude eta ea falta zaizkigun bi partidetan bi puntuak lortzen ditugun, finalean sartu ahal izateko».

Atzo egin zuten material aukeraketa. Jakak eta Zabaletak 104,9, 104,6 eta 104,3 gramoko pilotak aukeratu zituzten. Agirrek eta Albisuk, berriz, 104,8, 104,2 eta 104,6 gramokoak. «Sei pilotak onak dira, eta nahiko material exijentea da», esan du Jakak. «Guk gustuko pilotak segituan aurkitu ditugu, eta kontuan izanik aurkariek zenbat denbora pasa duten aukeraketan, nik uste dut beraiek ere gustura geratu direla».

Aurkari berez Laso eta Albisu izan behar zituzten, baina Baiko enpresak ez dio Lasori kontratua berritu, eta bere ordez Agirrek jokatuko du. «Partida berria izango da denontzat», esan du lizartzarrak. «Denok dakigu Asier [Agirre] zer mailatako pilotaria den. Bigarren mailako txapelduna da, uste dut bi aldiz, eta agian bere ibilbidean ez du aukera gehiegi izan lehen mailan partidak jokatzeko; ziur oso arriskutsua izango dela bere kontra jokatzea». Jakak gaineratu duenez, «pena bat da Unai [Laso] finalerdi honetan ez egotea, berak eta Jon Anderrek [Albisu] lortutako postua delako, baina inguruabarrek horrela izatea ekarri dute. Orain gurean zentratu behar dugu, Asier eta Jon Anderri irabazten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!