Edozein tontorretatik adierazi ahalko zaie elkartasuna presoei

Ataria 2020ko ira. 16a, 08:58

Mendiz Mendi Etxera mendi ibilaldia larunbatean ospatuko da modu berezi batean; parte hartzeko izena eman beharko da Interneten edo gaur eta bihar Lizartzan.

Larunbatean ospatuko da lizartzarrek antolatu ohi duten Mendiz Mendi Etxera mendi ibilaldia. Seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta pandemiaren eraginez, beste modu batera antolatu dute. Aurten, betiko ibilbidea egin beharrean, parte hartzaile bakoitzak gogoko duen mendi batera igotzeko konpromisoa hartuko du. Hala ere, berdin-berdin eman beharko da izena parte hartu ahal izateko. Bi dira horretarako aukerak: batetik, kirolprobak.com helbidean, eta bestetik, gaur eta bihar, Lizartzako ostatu ondoan, 20:00etatik aurrera.

Aurreko edizioetan tamaina ezberdineko lau ibilbide prestatu ohi zituzten. Aurten, ordea, «modu xumeagoan, baina elkartasun katea eten gabe» antolatu nahi izan dute. «Bakoitza joan dadila gustuko duen mendira, txokora edo tontorrera», azaldu dute antolatzaileek. Pauso guztiak, presoekiko «elkartasun keinu» moduan hartzeko eskatu dute: «Gure elkartasuna iritsi dadila sakabanatuta dauden espetxeko ziegetara».

Izena ematerako garaian, zapi bana banatuko dute, eta tontorrera edo helmugara iritsitakoan zapiarekin batera argazki bat edo bideo bat egiteko deialdia luzatu dute. Ondoren, telefono zenbaki honetara bidali beharko dira: 638 889 163. Argazki eta bideoak bidaltzen dituztenen artean, hainbat laguntzailek jarritako opari zein presoek egindako eskulanak zozketatuko dira.

EGOERA «LATZA»

Pandemiaren eraginez, Lizartzako presoak bost hilabetez senide zein lagunekin aurrez aurre egoteko aukerarik gabe egon direla salatu dute antolatzaileek. Uztaila eta abuztuan bisitak eduki dituzten arren, berriro ere espetxeko ateak ixten hasi direla esan dute. «Egoera latz honetan, gure senide eta lagunak, etxetik dispertsatuta egoteaz gain, erabat isolatuta geratu dira eta hori onartezina da», diote. Egoera hori salatzeko, irailaren 19an, larunbatean, presoekiko elkartasun eguna ospatu nahi dute, mendiz mendi presoak etxeratu daitezen eskatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!