Lizartzako Udalak antolatutako ikastaroetan izena eman behar da

Ataria 2020ko ira. 1a, 16:59

Lizartzako Udalak prest du ikasturte berrirako ikastaroen eskaintza. Hori bai, ikastaroak aurrera ateratzeko gutxienez sei pertsonako taldeak osatu beharko dira, eta izena emateko azken eguna hilaren 10a izango da.

Lizartzako Udalak iragarri du ikasturte berrirako antolatu nahi dituen ikastaroen zerrenda. Ikastaroak hilaren 14an hasiko lirateke, baina horretarako ikastaro bakoitzean gutxienez sei pertsonek eman behar dute izena. Irailak 10 da izena emateko azken eguna.

Aurtengo eskaintzen artean daude, Gimnasia, strong, yoga, joste tailerra, pilates, zumba eta hipopresiboak. Astelehenetik ostegunera izango dira ikastaroak.

Astelehenean, 09:00etan, gimnasia izango da. 16:00etan strong saioa, eta yoga 19:30etik 20:30. Guztiak Gunean emango dira.

Astearte arratsaldeak bete-bete datoz Lizartzara. 16:00etan, joste tailerra (aurreratua) izango da Egoitzan. 17:30ean, pilates egiteko aukera izango da Gunean. 18:30ean, joste tailerra (hasiberriak) Egoitzan, eta eguna bukatzeko, 19:00etan, Zumba saioa egingo dute Gunean.

Asteazken goizean, 09:00etan, gimnasia izango da Gunean. Arratsaldean, 16:00etan, Gunean Strong egingo dute, eta toki berean, 19:30ean, hipopresiboak.

Azkenik, ostegunean, 17:30ean pilates saioa izango da, eta 19:00etan zumba eginez bukatuko dute eguna. Bi saioak Gunean izango dira.

Astean egun bat 15 euro ordaindu beharko da, eta astean bi egunetan eginez gero, 25 euro. Aldiz, joste tailerra hilean 20 euro ordainduko litzateke. Izena eman nahi duenak lizartza@lizartza.eus helbide elektronikora idatzi dezake, edo 673 905 685 telefono zenbakira deitu edo mezua idatziz egin dezake izen ematea.

Behin hilaren 14an saioak hasi, eta aurrez aurreko saioak bertan behera utzi behar izanez gero, ikastaroak online jarraitzeko aukera izango da (gutxienez sei kide). Aurretik, ordea, parte hartzaile guztiei galdetuko diete jarraitu nahi duten edo ez. Kasu honetan ikastaroen kuota bera ordaindu beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!