Aske utzi dituzte Sortuko lau kideak, tartean, Haimar Altuna

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 22a, 10:07

Guardia Zibilak Sortuko lau kide atxilotu ditu gaur goizean, tartean Haimar Altuna lizartzarra. Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ondoren, aske utzi dituzte laurak.

Guardia Zibilak lau lagun atxilotu ditu eta horien artean dago Haimar Altuna lizartzarra. Sortuko kideak dira laurak: Altuna Sortuko Gipuzkoako arduraduna da eta Oihana San Vicente Arabakoa, eta Antton Lopez Ruiz Kubati eta Oihana Garmendia, berriz, Kalera Kalera dinamikako kideak dira. Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ondoren, aske utzi dituzte laurak.

Haimar Altunaren senideei Intxaurrondotik deitu die bertan dagoela iragartzeko. Ondoren, Haimar Altunak berak deitu die, ondo dagoela jakinarazteko. Oraindik ez dakiela ezer esan die. Baina Barne Ministerioak ohar batean azaldu duenez, «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten dizkietela hiru urtean euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik.

Ministerioaren arabera, lau atxilotuak harrera ekitaldien «benetako burua» osatzen dute, eta, ustez, hainbat erakunde erabiltzen zituzten ekitaldien benetako antolatzaileak nor ziren ezkutatzeko. Harrerak hirugarren pertsona batzuek egiten zituztela adierazi du, baina atxilotutako «taldearen ildoari» jarraituz.

Kabat izena jarri diote operazioari, eta adierazi dute Guardia Zibila duela urte eta erdi hasi zela gaia ikertzen. Guardia Zibilaren arabera, 2016ko abenduaren eta 2019ko urriaren artean, 95 harrera egin dira Hego Euskal Herrian, «gehienak Kalera Kalera dinamikaren bitartez».

Kontrol batean

Altuna Lizartzan bertan atxilotu dute, Guardia Zibilaren kontrol batean. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako polizia operazioa da, euskal presoen harrera ekitaldiekin lotutakoa. Iturri juridikoen esanetan, aldiz, ez dago garbi harrera ekitaldi zehatz bategatik edo horiek era antolatuan egiteagatik atzeman dituzten, atxilotuen abokatuek ez baitute informazio ofizialik jaso. 

Atxiloketaren harira, mobilizazioa egingo dute, gaur, 19:00etan, Lizartzako plazan Bakea eta demokrazia, erasorik ez! lelopean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!