Euskal Herrian, Tolosako inauteriek sona handia dute, baina eskualdean badira tradizio handia eta izaera propioa duten beste inauteri batzuk ere, esaterako, Lizartzan. Horren erakusgarri dira euren dantza eta abesti propioak.
38 urtez desagertuta egon ostean, duela 27 urte berreskuratu zituzten inauteriak Lizartzan, eta ez nolanahi. Hasieratik erabaki zuten bereziak izango zirela, eta antolatzaileek Kaxianori abesti bat egiteko eskatu zioten. Hor hasi zen guztia. Kaxianok sortutako Lizartzako ihauteriaren atzetik beste hamar etorri ziren: Diana, Lizartzako ijitoak, Kaleko doinuak, Ihauteri giroa, Ihauteri zaharrei jarritako bertso berriak, Ueta, Ariñ-ariña, Gora Lizartza, Aipatzekoak diraeta Kalean behera. Ondo gogoan ditu garai haiek Jesus Mari Esnaolak (Lizartza, 1957). Abesti horietako hainbaten egilea da, eta baita inauteri dantzetan txistularia eta Isk&bila txarangan tronpeta jotzailea ere. Kaxianok lehenengo kanta egin zuenean ez zen herrian bizi, baina hurrengo urtean itzuli eta ideia bati bueltak ematen hasi zen: abesti gehiago egitea.
Pentsatu eta egin. Pixkanaka, batzuek doinuak sortu zituzten, eta letrak besteek. «Hasi ginen kalejiraren bat egiten; fandangoren bat edo beste; gero, taldekide batek hitz batzuk idatzi zituen… Talde lana izaten zen normalean: batek hitzak jartzen zituen, besteak musika…», azaldu du Esnaolak. 2002aren amaieran eman zuten hurrengo pausua: disko bat grabatzea 2003ko inauterietarako. «Hasieran, bertigo pixka bat eman zigun», aitortu du Esnaolak. Izan ere, bera profesionala izan arren, gainerakoak zaleak ziren.
Hasierako beldurrak gaindituta, gaur egun, ezagunak dira bertako kantuak. Diskoa kanpoan ez saltzea erabaki zuten kantu guztiak «herri mailakoak eta oso xumeak» direlakoan, baina herrian sona handia hartu zuten: «Lizartza mailan zabaldu genuen. Oso herrikoia da, eta letrek ere hemengo gauzak kontatzen dituzte». Disko horretan parte hartu zuten Euxebio Etxeberria (Lizartza, 1945) soinu jotzaileak eta Iñaki Azpiroz (Lizartza, 1974) txistulariak eta Isk&bila txarangako tronpeta jotzaileak ere. Lizartzan «errotuta» dauden abestiak direla iruditzen zaio. «Esperientzia polita izan zen. Ziurrenik beste herri batzuetan ez dira entzungo, baina Lizartzan errotuta geratu dira». Lizartza bezalako herri txiki batentzat harrotzeko modukoa iruditzen zaio. «Geratzeko etorri den materiala da», gaineratu du. Etxeberriak ere iritzi bera du: «Abesti horiek garrantzitsuak dira Lizartzan. Oso gustura kantatzen ditu jendeak». «Nire semeek ez dakite abesti bakoitza zeinek sortu duen, baina bai Lizartzako inauterietako abestiak direla», erantsi du Azpirozek. Diskoa egiteko momentua prozesu bat bezala gogoratzen du Etxeberriak: «Bildu ginen eta batek kalejira bat ateratzen zuen, besteak beste kanta bat… Adibidez, nik kanta bati doinua jarri nion eta koinatuak letra».
Abesti haien sorreran parte hartu ez bazuten ere, gaur egun, oso presente dituzte bizitzan Gotzone Bengoetxea (Lizartza, 1966) silbote jotzaileak eta Isk&bila txarangako saxofoi jotzaileak eta Mateo Zubeldia (Lizartza, 1995) txistulariak ere. «Lizartzako inauteriek badaukate identitate propio bat, eta abesti horiek ere laguntzen dute», ziurtatu du Bengoetxeak. Etorkizuneko transmisioari begira, garrantzitsua iruditzen zaio diskoa grabatu izana ere, ez abestiengatik bakarrik, baita inauteri dantzengatik ere. «Lortu zuen proiektu baten inguruan era desberdinetako jendea biltzea. Indarra eman zien inauteriei», gaineratu du. Ildo beretik, Zubeldiari ere garrantzitsua iruditzen zaio diskoa, abestiak desagertu ez daitezen: «Guztiak bilduta daudenez, arrisku hori desagertzen da». Lizartzaren gisako herri txiki batean, bertako dantzak eta doinuak edukitzea «izugarrizko altxorra» dela deritzo, eta horrela izaten jarraitzea espero du: «Inauteriak berreskuratzeko lan handia egin zen, eta orain mantentzeko ari gara lanean».
Inauteri doinu horiek hainbat egunetan entzuten dira Lizartzan: puska biltzean, igande eguerdiko dantza saioan, txekorra jan ondoren… «Inauteri guztietan zehar jarduten gara abesti horiek jotzen», dio Azpirozek.
Puska biltzean egiten dute bat Lizartzako doinu eta dantza propioek. Larunbatean eta igandean egiten dituzte puska biltzeak, baserri aldera lehengoan eta kalean bigarrenean. «Larunbatean, orokorrean, txistulari gazteagoak izaten gara», esan du Zubeldiak. Baserriz baserri joaten dira, txistua lagun, Lizartzako inauteri dantzak eginez. Igandean, berriz, gauza bera kalean egiten dute, eta inauteri dantza guztiak plazan eginez amaitzen dute puska biltzea. «Guztiok ezagutzen gara eta lagunak gara. Oso giro polita sortzen da, eta ez du lan bat suposatzen».
«Beti dantzari eman zaio garrantzia, baina horiek doinuak ere behar dituzte», ziurtatu du Zubeldiak. Bengoetxearen arabera, musikak erabateko garrantzia dauka Lizartzako inauterietan. Argia da, beraz, lizartzarren iritzia: musikarik gabe ez dago inauteririk. «Guk bestelako mozorrorik ez dugu edukitzen, musikariarena bakarrik—, erantsi du Bengoetxeak. «Niretzat inauterietan musikari izatea lotura bat da, alde batetik, baina inauteriak bizitzeko modu bat ere bada», nabarmendu du Azpirozek. Esnaolak, berriz, musikari lana eta festa uztartzen ditu inauterietan: «Horretara ohituta nago». Izan ere, beti dago instrumenturen bat eskuan hartuta: «Ez baldin bada dantzariekin, txarangarekin gaude, eta, bestela, bazkalondoan musika jotzen». Ez ditu beste mota bateko inauteriak ezagutzen: «Nire inauteriak musika dira, eta horrela ezagutu izan ditut beti».
Txaranga da Lizartzako inauterietako beste protagonista nagusietako bat. Larunbat eta igande arratsaldean ibiltzen dira, Lizartzako kaleak alaituz. «Txarangarekin Tolosako abestiak, euskal kantuak eta gureak tartekatuz aritzen gara», azaldu du Esnaolak. Adin desberdinetako musikariek kuadrilla bat osatzen dutela dio Azpirozek, eta konfiantzazko giroa dutela. Konpromiso bat bete behar duten arren, argi du zein den Lizartzan aritzearen abantaila: «Exijentzia ez da Tolosan edo beste herri batean eduki dezaketena». Festa giroa nagusitzen da, eta momentu batean «protokoloa» aldatu nahi badute ere, «libre» sentitzen dira, guztia borondatez egiten dutelako.
«Inauteriak gure parte diren zerbait bezala ulertzen ditugu. Lizartzarrok ez genuke urtea ulertuko bertako inauteririk gabe», ziurtatu du Azpirozek. Ildo beretik jo du Esnaolak: «Berreskuratu zirenetik, egutegian apuntatzen den data dira». Bengoetxeak ere «bizitzako parte bat» bezala deskribatzen ditu jai horiek: «Lizartzarrentzat garrantzitsuak dira, eta musika munduan mugitzen garenentzat bereziki». Etxeberriak, berriz, urteen poderioz, galdu egin du grina: «Niretzako orain ez dira hain garrantzitsuak, baina lehen bai». Gazteagoek, aldiz, gogoz bizi dituzte. «Inauteriak gauza seguru bat bihurtu dira», esan du Azpirozek.
Aurtengo inauteriei begira daude jada. Pasa den larunbatean hasi zituzten gibela dastatuz, eta musika hotsek ez dute etenik izango igandera arte. «Ezer berririk ez dugu egingo aurtengo inauterietan, musika aldetik behintzat», azaldu du Esnaolak. Asteburu hau «topera» aprobetxatzeko asmoa dauka: «Ea eguraldi ona egiten digun, eta umorez ondo pasatzeko aukera daukagun». Etxeberriak soinu jotzaile lanak utziak baditu ere, festaz gozatzen jarraitzeko asmoa du aurten ere: «Jada ez dut soinua jotzen, baina kantatu bai».
Lizartzan ez da Tapia eta Leturiaren abestiak esaten duen bezala, «hik lan eta nik jai» egiten. Dantzan eta kantuan aritzeko, ezinbestekotzat jo dute herritarren parte hartzea eta elkarlana. Izan ere, festak aurrera ateratzeko herritar askok lan egin beharra daukate. «Talde lanean ateratzen ditugu aurrera festak», nabarmendu du Zubeldiak. Adibide argi bat ere eman du: «Gu puska biltzen gauden bitartean, beste batzuk hamaiketakoa jartzen ari dira. Saiatzen gara besteen lan horretaz ere jabetzen». Bengoetxearentzat ere «oso intentsoak» izaten dira inauteri egunak: «Ahal dugun gauza gehienetan hartzen dugu parte; musika jotzen ere bai, baina baita beste zerbait prestatzen edo antolatzaileei laguntzen ere». Beraz, festa, musikari izatea, dantza egitea nahiz bestelako lanak, denak uztartzen dira Lizartzako inauterietan. Laburbilduz, festak herriko jendeak eta herriarentzat egiten dituzte.