Jaka, aurrera, ia dena ondo eginda

Ataria 2018ko apirilaren 14a

22-13 irabazi dio lizartzarrak Lasori, eta Ezkurdia, Binakako Txapelketako irabazlearen aurka jokatuko du, ostiralean, Altsasun.

Ez zen faborito, baina Jakak erakutsi du badela nor. Lizartzarrak partida borobila jokatu du, eta 22-13 hartu du mendean Laso. Pozik mintzatu da neurketaren amaieran, Euskal Telebistan: "Jende askok ez zuen nigatik txanponik emango, baina ondo aritu naiz eta oso pozik nago".

Lehen tantoetan parekotasuna izan da nagusi. Lasok presaz jokatu du eta ondorioz pilota batzuk galdu ditu, baina Jakak ez du tartea zabaltzerik lortu. 7-7 izatera iritsi dira, baina hortik aurrera Jaka erregularragoa izan da eta 13ra joan da zuzenean.

Defentsa lanetan ere bikain aritu da Jaka. Ez dio Lasori erdiko koadroetan egoten utzi: "Erdi parean, botea ematen utziz gero, eroso jokatzen du, eta airez itolarrian jartzea zen nire asmoa", aitortu du. Bolearekin lekuz atera du Laso, eta tantoak bata bestearen atzetik pilatu ditu partidaren erditik aurrera.

Garaipena lortu ostean, final-zortzirenetako neurketa jokatuko du, ostiralean, Ezkurdiaren aurka, Altsasun. "Niretzat oso garaipen garrantzitsua izan da. Ez ditut horrelako txapelketa asko lehiatzen, eta irabazteko helburuarekin atera naiz. Unai, gainera, pilotari handia da". Hurrengo aurkariari dagokionez, Jakak esan du "inork gutxik" pentsatuko duela garaipena lor dezakeela, baina horretara aterako dela: "Dena ematera aterako naiz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!