Auzolana eta sormena, batera

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko martxoaren 23a

Lizartzako eskolaren parean herriko haurrek margotutako hesia jarri dute auzolanean. Naiara Delgado Perezen laguntzarekin aritu dira azken asteetan, hesiak margotzen, eta auzolanean jarri dute.

Lizartzako haurrek apaindutako hesia jarri dute gaur, eskolaren parean. Lau saio izan dituzte Naiara Delgado Perezekin eta oso esperientzia aberasgarria izan dela esan du arte tailerreko irakasleak. "Jolas baten bitartez margotuko genuena diseinatu genuen, irudimena lantzeko, eta gero egurrak prestatu genituen. Kolore biziekin margotu genituen egurrak eta irudia gehitu genien, gero. Oso hesi bizia geratu da, kolore askorekin", esan du.

Udalak gonbidatuta eskaini du arte tailerra Delgado Perezek eta 20 bat haurrek hartu dute parte, heldu batzuen laguntzarekin. Hesia bera auzolanean margotzeaz gain, jarri ere modu berean egin dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!