Jaka lizartzarra igandeko finalerako prest

Ataria 2016ko aza. 18a, 16:33

Lau t'erdiko Promozio Txapelketako finala jokatuko du ASPE-ko aurrelariak Logroñon, Darioren aurka.

Atzo egin zuten pilota aukeraketa Erik Jakak eta Dariok, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Azaroaren 20an, igandean, Lau t'erdiko Promozio Txapelketaren finala jokatuko dute bi pilotariek. Lizartzarra gustura zegoen materialarekin: «Lau pilotak oso onak dira. Nireak baxuagoak dira pixka bat. Bereak biziagoak dira, eta hori espero nuen. Saskiko pilotekin gustura nago». 

Pilota jaialdia 17:00etan hasiko da, eta finala bigarren partida izango da. Sarrerak oraindik salgai daude, eta eskuratzeko 667 48 72 73 (Isabel) zenbakira deitu behar da. Logroñora joan ezin duenak, Euskal Telebistaz jarrai dezake txapelaren lehia.

Iaz ere egoera berean aurkitzen zen Erik Jaka, hau da, Lau t'erdiko txapelketaren finalean. Partida hura ere Logroñon jokatu zen. Orduan, Gorkaren aurka 22-18 galdu zuen lizartzarrak. «Final hartan pentsatzeak ez du ezertarako balio. Urtebete pasa da, eta askoz hobeto sentitzen naiz. Sentsazioak desberdinak dira. Uda oso ona izan da, eta espero dut finalean ere ondo jokatzea».

Dario Ezkaraiko semea da, txapelketan behetik gora doana. Hain justu, ligaxkako lehen partida elkarren aurka jokatu zuten Eibarren. Orduan, Jaka nagusitu zen, 22-11. Garaia eta pilotalekua aldatuko dira igandean. Frontoiari dagokionez, lizartzarraren gustukoa da: «Pilotalekua ona da, eta gustatzen zait. Niretzat ez da inongo arazoa Adarragan jokatzea. Gauza bat txarra badu ordea; nire jarraitzaileek kilometro asko egin behar dituztela».

Aurkariari dagokionez, Darioren eskuinak kezkatzen du Jaka: «Dakidan moduan jokatu nahi dut, eta bere eskuina ekidin. Batez ere ezin diot pilota errazik utzi. Txokoan deseroso sentitu dadin saiatuko naiz, eta errematean asmatzen. Sakatzaile handien aurka jokatu dut, baina niretzat, profesionaletan onena Dario bera da».

Errioxarra ere atzokoan gustura zegoen aukeratutako pilotekin. Finalari begira, Dariorentzat faboritoa Erik Jaka da. «Frontisetik urrun mantentzen saiatuko naiz, eta pilotari abiadura ematen, horrela egiten baitut min. Jaka aurkari arriskutsua da, eta azken urte honetan goraka egin du bai fisikoki eta baita erresistentzia mailari begiratuta ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!