Elkartasuna, tontorretara

Ataria 2016ko urriaren 1a

II. Mendiz Mendi Etxera mendi martxan 300 pertsona baino gehiagok hartu dute parte. Antolatzaileak pozik daude jasotako erantzunarekin.

Antolatzaile lanetan dabilen Xerpak argitu duenez iaz baino jende gehiagok hartu du parte aurtengo Mendiz Mendi Etxera mendi martxan. Pasa den urtean 224 pertsonek hartu zuten parte eta aurten 311k. Hiru ibilbide zeuden aukeran aurtengoan, martxa txikia, ertaina eta luzea. Lehenengoan 119 atera dira, ertainean 100 eta luzean 92.

Goiza gogorra izan dela esan du Xerpak, euriak eta haizeak ibilbidea zaildu duela, baina gerora arazorik gabe jarraitu ahal izan dute martxa mendizaleek. Zauritu arin bat ere egon da, besoa atera zaio antza mendizale bati, baina Gurutze Gorriak arazorik gabe eraman du.

Mendi martxa eta gero parte hartzaileek zein herritarrek bazkari legea egiteko aukera ere izan dute frontoian. Martxan parte hartutakoez gain, beste 60 bat txartel saldu dituzte. Haur eta gazteek puzgarriak ere izan dituzte frontoian.

Mendi martxa Aitor Agirrebarrena eta Garikoitz Etxeberria preso politiko lizartzarren senideei laguntzeko eta oro har, preso politikoei babesa azaltzeko antolatu dute eta antolatzaileak oso kontentu daude jasotako babesarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!