Elkarteak gogorarazi du urteko bosgarren ezbeharra izan dela, hilabete baten tartean, hirugarrena. Igandean, Puerto de Santa Maria espetxean bisita burutu ostean, bueltan zirela izan zuten senideek istripua, Salamanca inguruan: "Haien aurretik zihoan kotxeak bortizki frenatu zuen eta senideek ezin izan zuten kolpea ekidin. Ez da kalte pertsonalik tamaldu behar izan, baina errepideko ezbehar bat izanik, ez dago kalte arinik". Istripua "inposaketak eta arriskuak" baldintzatua izan dela salatu dute, "20 ordu eta 2000 kilometrotako" bidaiak baldintzatua.
Egoera honen aurrean, elkarteak galdera egin die "dispertsioa defendatzen duten " alderdi politikoei: "Istripu berri honekin markatu diguten oinaze kuotarik bete dugu? Zenbat gehiago geratzen zaizkigu?". Izan ere, dispertsio politikak gizarteko "adin eta kondizio ezberdinetako milaka pertsonari" eragin die, eta "gizarteak zenbat sufrimendu gehiago geratzen zaion" jakiteko eskubidea dutela gaineratu dute.
EAEko lehendakariari, Iñigo Urkulluri, ere zuzendu zaio senideen elkartea, bere isiltasuna salatzeko: "zenbat isiltasun gehiago espero behar dugu? Noiz gehiagora arte egingo dio ezikusiarena Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak?".
Euskal preso politikoen senide eta lagunek duela 27 urtetik euren gain "mendeku eta xantaiaren" pisua erortzen utzi dela salatu dute. Baina, horren ondorioak "ezkutatu daitezen" ez daudela prest diote, eta ardurak eta pauso berriak eskatu dituzte: "Dispertsio politika aktibatu zutenen erantzukizuna handitzen doan bitartean, bere ondorioak hazten doazen heinean, ardurarako dei berri bat egiten dugu guk: lanerako dei bat, indarrak batzeko dei bat, pertsona guztien eskubideak berriz aktibatu eta salbuespeneko kartzela politikak deuseztatu daitezen pauso berriak emateko deia".