Lizartza inguruko paraje ederretatik barrena mendi martxa antolatu dute

Asier Imaz 2015ko ira. 16a, 06:02

‘Lizartzatik mendiz mendi Etxera!’ igandean izango da; bi ibilbide egongo dira. Lizartza inguruko parajeak zeharkatuko dituen mendi martxa igandean izango da. Helduentzako ibilbideak 24 kilometro izango ditu, eta familia giroan egiteko moduko ibilbide laburrak, hiru kilometro.

Izena emateko aukera egunean bertan egongo da, irteera puntuan. Hala eta guztiz ere, antolakuntza lanak errazteko, ahal den neurrian ostirala baino lehen apuntatzea eskatu dute; kirolprobak.com webgunean.  

Igandekoa ez da mendi lasterketa bat, mendi martxa bat baizik. Bost edo sei orduan egiteko moduko itzulia dela esan dute antolatzaileek, eta martxan zehar hainbat kontrol puntu jarriko dituzte, ura eta janariarekin.
Parte hartzaile guztien artean zozketak egingo dira amaieran. Horrez gain, bazkaria eta haurren gunea egongo dira.

Herritarrek antolatua
Lizartzako preso politikoen senideei laguntzeko antolatu dute mendi martxa. Aitor Agirrebarrena eta Gari Etxeberria Andaluzian daude preso, Euskal Herritik 1.000 kilometrotara. «Dispertsioaren gastuei aurre egiteko ekimen desberdin bat antolatu nahi izan dugu, eta lantaldea osatzerako garaian herritarren erantzuna oso ona izan da», adierazi dute antolatzaileek. Egunean bertan 50 bat bolondres ibiliko dira lanean, mendian eta bazkariaren bueltan, dena arazorik gabe joan dadin. Guztiek, inguruko herritarrak mendi martxara deitu dituzte.

Mendi martxa, datuak
irailak 20, igandea

Ibilbideak:
• Luzea, 24,07 km: Lizartzako plazatik Otsabiora; ondoren, Añi, Ilarratsu, Narbaitzu, Besabe, Orexa eta Lizartza. Bost edo sei ordutan egiteko moduko itzulia. Bidean, kontrol puntuetan edaria egongo da. Bi puntutan jatekoa ere egongo da.
• Laburra edo familia giroan egitekoa: 3,36 km: Lizartzatik Goltzurko zelaira eta berriro herrira.

Izen ematea: Irailaren 18ra bitarte www.kirolprobak.com webgunean. Egunean bertan, irteera aurretik plazan. Aurrez izena ematearen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek, dena egoki prest izateko.  
• Luzea: 15 euro. Egunean bertan 18 euro.
• Laburra: Haurrek 5 euro (5-13 urte) eta helduek 10 euro.

Irteera orduak:
• Luzea: 07:30ean.
• Laburra: 10:30ean.

Bestelako oharrak:
• Ibilbidea luzea nahiz laburra amaitzen duten guztientzat diploma bat egongo da amaieran.
• Izena eman duten guztientzat bazkaria egongo da amaieran. Martxan parte hartu ez arren, bazkararira joateko aukera dago.
• Haurrentzat puzgarrien gunea egongo da bazkalostean.
• Zalantzak argitzeko edo informazio gehiagorako: 638 88 91 63 (Nagore).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!