Batzar Nagusietako ordezkariek Lizartzako eskola bisitatu dute

Maier Ugartemendia 2014ko abe. 4a, 16:34

Alderdi guztiak izan dira Lizartzan, PSEE izan ezik; Begoña Balerdi, Lizartzako alkatea eta Eneko Maioz, Orexakoa, ere izan dira bisitan, eskolako irakasle eta gurasoekin batera.

Goizean Batzar Nagusietako ordezkaritza zabal bat izan da Lizartzan, bertako eskolaren egoera gertutik ezagutzeko asmoz. Alderdi politiko guztietako ordezkariak izan dira, PSEEkoak izan ezik. Bertan zituzten zain Begoña Balerdi Lizartzako alkatea eta Eneko Maioz Orexakoa, eskolako irakasle eta gurasoekin batera.

Bisita hau urrian Batzar Nagusietan alkateek egin zuten agerraldiaren ondorio da. Izan ere, orduan eskolaren egoera «kaskarra» salatu zuten eta egoera bertatik bertara ezagutzeko gonbitea egin zieten. Duela hamar egun inguru, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza batzordean egin zuten agerraldia bi herrietako alkateek, eta bertan ere gonbitea luzatu zieten Lizartzara etortzeko. Hurrengo asteartean izango dira Hezkuntza batzordeko ordezkariak bertara.

Bertan eskola berria 2017an egiteko aurreikuspena dutela esan zieten, baina alkateek data hori «urruti» ikusten dute eta horregatik nahi zuten gertutik ezagutzea bizi duten egoera.

«Arrazoi osoa zuten»
Bisitaren amaieran Eneko Maioz, Orexako alkateak azaldu du beraientzeko «ezinbestekoa» dela bisita honekin bizi duten egoera azaltzea. Lizartza edo Orexa bezalako herri txikietan eskolak «garrantzia handia» dutela azaldu zuen, eta beraienak «izugarrizko gabeziak» dituela.

Lohitzune Txarola, Batzar Nagusietako presidenteak adierazi du Batzar Nagusietan Lizartzako eta Orexako alkateek egoeraren larritasunaren berri eman zietela, eta «arrazoi osoa» zutela. Hezkuntza «eskubide unibertsala» dela gogorarazi du, eta eskubide horrek gainera, «duina» izan behar duela. Haurrek eskolako gune ezberdinetara joateko eman beharreko bueltak «izugarriak» direla iruditu zaio, eta udalak eraikin ezberdinetan dituen lokalak utzizko ez balizkiete hainbat aktibitate egiterik ere ez luketela izango salatu du.
Gauzak honela, eskola berria izatea «premia handiko» beharra dela uste du, eta Batzar Nagusiek eskumenik ez badu ere, alderdi ezberdinetako ordezkariek «bere alderdian egin dezakeen presioa» egin beharko luketela uste du.

Egoera ikusita eta presioa eragiteko eta bizi dutena salatzeko asmoz, Lizartzako eskolako gurasoek elkarretaratzea egingo dute bihar, 16:00etan plazan. Bertara joateko gonbitea luzatu dute.

Heziketan ere eragina
Egun Lizartzako eskolan 79 ikasle dituzte, 3 urtetatik 12 urtera bitarte. 60. hamarkadako eraikina da eraikin nagusia, eta horrez gain aurre-fabrikatutako bi modulu dituzte, bata bestearen gainean kokatuta daudenak. Hala ere, musika gelara, laguntza gelara, psikomotrizitate gelara, jangelara edo areto nagusira joateko eskolako ingurunetik atera behar dute eta herrian zehar kokatuta dauden beste gune batzuetara joan. Esate baterako, ikasle guztiak biltzeko erabiltzen duten udalaren lokala eskolatik kilometro ingurura kokatuta dago. Horrek eragiten duen arriskua kontuan izan behar delarik.

Bizi duten egoeraren berri eman dizkiete batzarkideei Ixiar Balerdi ikasketa buruak eta Marta Lakuntza eskolako zuzendariak. Azken berrikuntza lanak «duela hamar urte» egin zituztela azaldu diete, espazio falta «izugarria» dela, ez dutela biltegirik edo bilera gelarik, fotokopiagailua komunean dutela, liburutegia izugarrizko haize korrontea dagoen eskaileretan dagoela... Eraikin nagusiak segurtasun neurriak ez dituela betetzen adierazi diete, eta aurre-fabrikatutako eraikinetan ere kanpoan burnizko eskailera batzuk igo behar dituztela, goiko solairura igotzeko. Elbarriren bat egonez gero, inolako egokitzapenik ez dute. Eta eraikin batetik bestera joaterakoan, aurre-fabrikatuan dauden geletan eta jolastorduan eguraldiarekin borrokan ibili behar izaten dute. Ez baitute aterperik, aurre-fabrikatuan hotz-beroak asko aldatzen direlako, berogailuak izugarrizko soinua ateratzen duelako eta euriaren soinua asko entzuten delako.

Gainera, mugatutako lekurik ere ez dute eta jolastokira (plazara) ateratzen direnean, zinta batzuekin mugatu behar izaten die txikienei jolasteko gunea, edonora joan ez daitezen.

Guzti horrek, haurrei arriskua eragiteaz gain, euren hezkuntzan ere eragina izan dezakeela adierazi dute. Izan ere, gauzez beteta dagoen edo izugarrizko soinua entzuten den gela batean kontzentrazioa mantentzea «asko kostatzen» dela adierazi dute. Baina heziketan ere eragiten du. Bisitan parte hartu duten gurasoek ere azaldu nahi izan diete beraien seme-alabei ezin dietela «txukuntasunaren eta ordenaren» heziketa transmititu, beraientzat hain garrantzitsua den eskolan bertan ez baitago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!