Lizartzako helduen bizipenak bildu ditu ahotsak.com proiektuak

Maier Ugartemendia 2014ko urriaren 29a

Atzo proiektuan parte hartutako herritarren bideoak ikusi zituzten udaletxean, eta ondoren "esker ona" adierazteko meriendatxoa egin zuten

Atzo Lizartzako udaletxean ahotsak.com proiektuak, Lizartzan jasotako ahotsen aurkezpena egin zuten. Proiektu honen helburu nagusia Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.

Lizartzan atzo egin zuten aurkezpenean, Lizartzako aiton-amonen bizipenak jaso dituen bideoa ikusi ahal izan zen. Lizartzako ahotsak 2011ean hasi zen 13 aiton-amonak elkarrizketatzen eta grabatzen, eta guzti horren emaitza da atzo aurkeztu zena.

 
Ondoren, bakoitzari bere elkarrizketa eta aurkezpena biltzen dituen CDa oparitu zioten. Udalak bere "esker ona" eta "mirespena" adierazteko meriendatxo bat prestatu zien protagonistei, eta guztiak elkarrekin kontu kontari aritu ziren. Aipatutako grabaketa guztiak ahotsak.com web orrian ikusgai daude.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!