Mikel Olaetxeak 22-19 irabazi dio Jon Jaunarenari

Asier Imaz 2014ko urriaren 13a

Lehen mailako lau t'erdiko pilota txapelketaren bi partida jokatu dira Tolosako Beotibar pilotalekuan, gaur arratsaldean. Lehenengoan Albisuk Beroizi irabazi dio, 22-17, eta bigarrengoan lizartzarrak leitzarra txapelketatik at utzi du.

Partida txarra jokatu dute Oletxeak eta Jaunarenak Beotibarren. Tentsio handikoa eta inork galdu nahi ez duen horietakoa. Lotuta ibili dira bi pilotariak, eta tantoak baino, hutsegiteak izan dira nagusi. Jaunarena jarri da markagailuan aurretik, baina segidan hasi da hutsak egiten, batez ere Olaetxearen sakeari ezin erantzunez. Lizartzarrak aurrea hartu du, baina bere bolada ona leitzarrarenak eten du. Horrela iritsi dira 19-19kora. Partida edozeinek gal zezakeela zirudien, eta azkenean, Jaunarenari tokatu zaio txanponaren alde hori. Olaetxea ausartagoa izan da, eta bere saria jaso du. Garaipenari esker final zortzirenetan egongo da lizartzarra. Bertan Abel Barriola izango du aurkari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!