Julian Barrientos garaile Lizartzan

Tolosaldeko Ataria 2014ko martxoaren 8a

Azken esprintean, ozta-ozta irabazi du Baque taldeko txirrindulariak Lizartzako helmugan.

Julian Barrientosek irabazi du Lizartzako Udala Saria, azken esprintean, Jorge Arcas, Lizarte taldeko txirrindulariarekin izandako lehia gogorraren ostean. 02:24:43ko denbora behar izan dute lehen bi sailkatuek ibilbidea osatzeko, eta amaieran parean iritsi dira. Oso borrokatua izan da. Arcasek etsita igaro du muga, garaipenak gutxigatik alde egin baitio, dena den, mendiko saria berak eskuratu du. 

Atzetik ere sekulako lehia izan da hirugarren postua lortzeko. Lau txirrindularik osatutako taldetxo bat sartu da irabazlearengandik hiru segundora, eta bertan, Baque taldeko Carlos Anton Jimenez izan da azkarrena. Epaileek, ordea, duda asko izan dituzte hirugarren postu hori norena zen erabakitzerako garaian. 

Guztira, 171 txirrindularik hartu dute parte aurtengo edizioan, eta eguraldia lagun, herritar dexente inguratu dira errepide bazterrera txirrindulariak animatzeko asmoz. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!