Elkar besarkatu dute Txaraman

Ataria 2024ko ekainaren 1a

Bazkari erraldoia egin asmo zuten, eta asmoa betetzen ari da, bai giroari bai eta kopuruari begira, oso handia izaten ari baita gaurko eguna Txaraman.

Jai egun handia dute gaur Txaraman. Azken hilabeteetan prestaketetan aritu ostean, iritsi da azkenean eguna. Bazkaria soilik egin asmo zuten, baina egun osoko egitaraua prestatu dute. Helburu zehatz batekin: garai bateko kontuak gogoratuz, aspaldiko lagunak elkartzea.

Bada, deialdiak erantzun bikaina izan du, eta 260 auzotar inguru elkartu dira bazkaltzeko, Cuatro Vientos deituriko eremuan, gaur egun, Zuhaizti lantokia dagoen lekuan. Bertaraino kalejiran iritsi dira, eta aurretik tokan aritzeko eta hamaiketakoa hartzeko tartea izan dute.

Mahaiaren bueltan eseri aurretik, auzotar guztiek argazkia atera dute, oroimenerako gordeta gera dadin, eta argazkiaren aurretik joko modukoa ere egin dute. Auzoaren jairako kartela egin duten moduan, zapia ere egin dute, Fortu Ruiz de Egilazen egiletzarekin. Bada, bertan bi pertsona besarkatzen agertzen dira, eta horixe irudikatu nahi izan dute. Bi lerrotan jarri dira auzotar guztiak, eta parean zuenari besarkatzen joan dira, olatu baten moduan.

Pozik agertu dira antolaketan aritu direnak, batez ere, hainbeste auzotar bildu direla ikusita. Jai giro ederrean, primeran ari direla igarotzen azaldu dute.

Bazkalostean dantzarekin jarraituko dute, DJ Iñigo Perurenak jarritako musika dantzagarriarekin, hain justu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!