ERREPORTAJEA

Txaramarrak auzoaz harro

Iñigo Terradillos 2024ko mai. 31a, 07:58

Juani Adurriga, Jon Ijurko, Leandro Ormazabal eta Jose Luis Adurriaga. I.T.

Egun handia izango dute bihar Txaraman, auzoan bizi direnak eta bizi izan direnak elkartuko baitira, festa giroan; garai batean auzoa nola zen gogoratzearekin batera, hamaika pasadizo partekatuko dituzte.

Ez dira urte asko igaro herria bi auzok osatzen dutela erakusteko, izenari Txarama gehitu zitzaionetik. Txaramarrei aitorpena egitearekin batera, euren herriarekin identifikatuta sentitzea bultzatzea ere bazekarren Leaburu-Txarama izendapenak. Izan ere, auzoak duen kokapenak eta historian zehar herriak izan dituen loturak ez die erraztu bateko edo besteko izatea sentitzea.

Tolosari lotua egon da urte askoan, ia 500 urtez, eta beste 30 urtez Gazteluri lotua egon zen, 1966tik 1995. urtera arte. Ordutik, udalerri bereizia izan da, Leaburu moduan hasieran, eta Leaburu-Txarama bezala gero. Erabat desberdinak diren bi auzotan banatutako herriaren parte da Txarama. Leaburu landa auzoa da, muino txiki batean kokatua, eta Txarama, berriz, industriala, Araxes bailararen hondoan dagoena. Jatorrian, Leaburutik Altzorako bidean Oletako zubiaren inguruan zeuden baserriek osatzen zuten. 1856. urtean, Araxes paper-fabrika jarri zuten auzoaren aldamenean, izen bera duen errekaren ondoan, eta horrek auzoaren itxura eta izaera goitik behera aldatu zuen. Gaur egun, paper fabrika itxita egon arren, papergintzaren aztarnak garbi ikusten dira. Hori bai, fabrikak lanerako jende asko erakarri zuen moduan, haren itxierarekin auzoa hustuz joan zen, eta pixkana izan zena izateari utzi zion.



Izan zen hori ez dute ahaztu nahi txaramarrek. Ederki gogoan dituzte auzoaren garai gorenean bizitakoak, eta harrotasunez kontatzen dituzte garai bateko pasadizoak eta kontuak. Horiek partekatzeko aitzakiarekin elkartuko dira bihar auzotarrak. Txaraman jaiotakoak eta gaur egun bertan bizi direnak edota beste lekuren batean bizi direnak eta auzoarekin lotura izandakoak. Bazkari «erraldoi» bat egin asmo zutela iragarri zuten duela hilabete batzuk, eta azkenean egun osoko festa prestatu dute.

Hori bai, eguneko ekitaldi nagusia bazkaria izango da. Apiril bukaerarako 250 pertsona inguruk baieztatu zuten bertan izango zirela, eta porra modukoa ere egin zuten auzotarrek, 500eko langa gaindituko ote zuten. Bada, azkenean, iritsi ez, baina ez dira urrun ibili. Ehunka auzotar elkartuko dira mahaiaren bueltan, jan-edan ederrean euren kontuekin une atsegina igarotzeko. Azken batean, aspaldiko lagunekin egotea da hitzorduaren helburua; «eta belaunaldi berriei izan ginen hura harrotasunez kontatzea», diote auzotarrek.

Biharko eguna ere etorkizunerako gordeta geratzea nahi dute, eta eguerdi aldera elkartuko diren guztiekin argazkia egiteaz gain, eguneko une guztiak jasoko dituen bideoa ere izango dutela iragarri dute. Era berean garai bateko argazkien bilketa egiten ari direla ere gogoratu dute, eta biharko eguna baliatu nahi dute auzotarrei eskaria luzatzeko.

Goizean goiz hasiko dute eguna eta auzoan jai eguna dela ikustarazteko suziriak botako dituzte eta kalejira egingo dute. Hamaiketakoaren ostean, auzoan hain ohikoa izan den tokan ariko dira musikaz alaituta, eta kalejira egingo dute ostera. Ohiko beste osagaietako batek ere, bertsoek, ez dute hutsik egingo, eta Anjel Mari Peñagarikano izango da bertsotan ariko dena. Bazkalostean, berriz, dantzarako tartea izango da, DJ Perurenak girotuta. Egun Txaraman ez dago tabernarik, baina biharko taberna zerbitzua egongo dela baieztatu dute.

Bestalde, biharko ekitaldiak iragartzen dituen kartela egiteaz urtetan festetako kartela egin zuen Fortu Ruiz de Egilaz arduratu da. Bi pertsonen besarkadarekin txaramarren «anaitasuna» islatu nahi izan du artistak. Eta irudi berarekin biharko egunerako zapiak ere egin dituzte.

Jende ugarik egingo du bat bihar auzoan, eta garraioarekin izan daitezkeen arazoak ekidin asmoz bi aparkaleku egokituko dituzte; bata, Cuatro Vientos-en eta, bestea, Baratzondo-n. Edonola ere, zerbitzu publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu dute. Autobusak Tolosatik 10:30, 13:15 eta 14:00etan izango dira; eta bueltakoak Txaramatik 19:35, 20:50 eta 21:35ean izango dira.

Elkartzeko nahia

Jose Luis Adurriaga auzotarrak esan duenez, azken urteetan, txaramarrak hiletetan-eta elkartzen zirenean, zerbait antolatzeko nahia nabaritzen zen. Pasa den urtean Tour-a Txaramatik pasa zen, eta horren aitzakian elkartu egin ziren: «Bazkari bat egin genuen, eta ehundik gora batu ginen. Horrek aurrera begira beste zerbait antolatzeko indarra eman zigun». Jon Ijurko auzotarrak azaldu du Tour-a nolabait gakoa izan zela egun berezia antolatzeko: «Bazkari hartan, auzotarrak izan zirenak nahiz auzotarrak direnak elkartu ginen, eta jende gehiagorekin egun polit bat egiteko nahia errepikatu zen».

Urte ugari atera gabe egon ostean, azken Santa Ageda bezperan kantari atera ziren Txaraman. «Adin desberdineko jendea elkartu ginen, eta hango etxeetara kantatzera joan ginenean ere nabaritu genuen faltan botatzen zutela auzotarrak elkartzea», azaldu du Jose Luis Adurriagak. «Kopla berezi batzuk egin genituen eta jendea hunkitu ere egin zen», gehitu du Juani Adurriaga auzotarrak.

Bada, azken hilabeteetan bilerak egiten jarraitu dute, gauza gehiago antolatzeko helburuz, eta batez ere biharko egunaren prestaketetarako, eta bileretan aurretik joaten ez zen jendea batzen joan dela azpimarratu dute.

Festa egun berezia biharko egunean egitea ez dela kasualitatea nabarmendu du Ijurkok: «Maiatza bukaeran edo ekain hasieran ospatzen ziren gerora asteburu kultural bilakatu ziren festak». Leandro Ormazabal auzotarrak, ordea, atzerago joz, gogoratu du maiatzaren 3an izaten zirela jaiak hasiera batean, Santa Krutz egunean. «Ondoren pasa ziren maiatzaren bukaeran edo ekainaren lehen asteburuan egitera».

 

Leandro Ormazabal: «Kategorikoak izaten ziren festak. Gaur egun ez da horrelakorik ikusten»



Festak «kategorikoak» izaten zirela dio Ormazabalek; «gaur egun ez da horrelakorik ikusten. Jende asko izaten zen, gau guztian zehar ere. Edatekorik gabe geratzen ginen eta Tolosara joaten ginen gehiagoren bila. Harri-jasotzaileak, bertsolariak... denak punta-puntakoak izaten genituen».

Maila handiko musikariak igaro direla auzotik gogoratu du Ijurkok, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Niko Etxart, Xabier Lete, Minxoriak, Joselu Anaiak, Lourdes Iriondo edota Julen Lekuona bezalako izenak aipatuz. «Gogoan dut, 73an Oskorri izan aurretik nola etorri zen Nacho de Felipe, edota Itoitz izan baino lehen Indar Trabes. Egan taldea, esaterako, lehen aldiz inguru honetan Txaraman izan zen».

Emanaldi berezi horiek, euria egiten zuenean, frontoian izaten ziren, eta Benito Lertxundik eta Mikel Laboak eskaini zutenekoa gogoratu du Juani Adurriagak: «Igande arratsaldea zen, kontzertu zoragarria eskaini zuten, eta goraino betea zegoen auzoa. Guztia autoz betea zegoen eta errepidea moztuta ere egon zen, frontoira igarotzeko errepidea gurutzatu behar baitzen». Beheko plazaren ondoan dagoen beste eremu batean, Tenis deitzen diotena ere betea egoten zela gogoratu du Ijurkok.

Jaiak autofinantzatu egiten zituzten auzotarrek, hainbat ekimenen bitartez. Festetan, adibidez txosnak jartzen zituzten. «Beheko aldean bi txosna jartzen genituen eta goian beste bat». Horretaz gain, jaiak hasi aurretik etxez etxe igarotzen zirela dirua biltzeko gogoratu dute. Santa Ageda bezperan eta Eguberrietan kantatzen ateratakoa ere festetarako izaten zen.

Ijurkok aipaturiko Tenis eremuaren izenaren jatorriaz galdetzean, ez dutela zergatia oroitzen diote: «Garai batean tenisean aritzen zirelako izango da». Baina auzoan, horretaz gain, izen bereziko zonalde gehiago ere badirela gogoratu dute, gaztelera kutsukoak asko, eta gehienak errekarekin lotuta: «Matraka, Kartero, Cuatro Vientos, Kaskajera, La isla, Afrika Txiki, Segundo río…». Zergatik gazteleraz galdetuta, euren artean kalean gazteleraz egiteko ohitura handia zegoela aipatu dute. «Etxean, ordea, euskaraz egiten zen», esan du Ijurkok. «Hori fabrikaren ondoko zonaldeari dagokionez, bi eremu oso desberdin izan baititu Txaramak: fabrikaren ondokoa erdalduna zen, eta Lizartzara arteko bidean baserriak ziren nagusi eta horietan euskalduna zen giroa». Bere kasuan, paper fabrikaren aldamenean bizi zen, eta bere adinekoen artean gazteleraz hitz egiten zutela gogoratu du.

Auzotarrek lotura berezia dutela erreka eta presarekin nabarmendu dute, eta bizia eman dietela diote: «Dena eman digu; ez dugu ez Kontxa ez eta Ondarreta bezalako hondartzarik, baina ez genuen horren beharrik», esan du Juani Adurriagak. Hori bai, orain baino «askoz garbiagoa» zegoen lehen erreka. «Baita ingurunea ere, eta ur gehiago zegoen, arboletatik errekara saltatzen baikenuen eta lurra ez genuen ukitzen», dio Ijurkok. Bertakoak soilik ez, Txaramako presara Tolosaldeko herritar ugari joaten zela ere gogoratu du Ormazabalek. «Igandeetan familia ugari etortzen zen bazkari eta guzti eguna bertan pasatzera». Eta piragua ikastaroak ere bertan egiten zirela gogoratu dute. «Orian egiten hasi aurretik, bertan egiten ziren», azaldu du Ijurkok. «Eta, noski, baita arrantza egitera ere». Gaur egun ere, lehen bezain beste ez izan arren, udan jende asko izaten dela adierazi du Ormazabalek.

Hainbat hamarkada atzera eginez, bestelakoa zen auzoa. Esaterako, eta aitortu dute inork gutxik jakin edo gogoratuko duela, frontoia zuela Txaramak. «Frontoi polita eta handia, gainera. Berria egingo zutela esan ziguten, baina gaur arte», azaldu du Ormazabalek. «Zortzi zenbaki zituen, eta zaintzailea eta guzti zuen».

Estankoa, ile apaindegia, denda, ekonomatua, arrandegia, taberna… eta baita gasolindegia ere. «Hori ere jendeak ez du sinistuko, baina hodiak hor daude oraindik eskailera azpian», dio Ormazabalek. Juani Adurriagak gasolindegia eta ekonomatua itxita ezagutu zituen; «baina Rafaelita eta Ana Mariren ile apaindegia, estankoa edota Maritxuren denda ezagutu nituen, eta gure etxe ondoan zegoen arrandegia ere bai».

Zinea ere bazuen auzoak. Errekaren alboko etxebizitzen eraikin baten azpialdean kokatua, ehun pertsonarentzat edukiera zuen. «Zine txikia, baina ona zen, eta pelikula onak ematen zituzten», gogoratu du Ormazabalek. «Pelikulak amaitu ostean, gozoki saltzaileak etortzen ziren, Manolo eta Karmele ditut gogoan», esan du Juani Adurriagak. Zinemaz gain, areto horretan musika emanaldiak eta antzezlanak izaten zirela gehitu dute.

Bi eskola ere baziren bertan, neskentzako bat eta mutilentzat bestea. «Kontuan hartu behar da garai haietan gazte ugari zegoela», esan du Juani Adurriagak. «Pentsa, fabrikaren aldameneko bi etxeetan 260 pertsona bizi izan gara, eta horri baserrietan bizitzen zirenak gehitzen badizkiozu...».


Kapila ere badu auzoak, eta bere garaian hiru meza izaten omen ziren. «Jende asko izaten zela esan nahi du horrek; 17:00etan 19:00etan eta 21:30ean izaten ziren mezak», esan du Juanik. Gaur egun, baina, penaz begiratzen omen diote auzotarrek. Batez ere helduenek, eta hura eraikitzeko eta ondorengo mantentze lanetan aritu zirenek: «Bertan hainbat auzotar aritu ginen lanean, eta gaur egun utzia dago. Egindako lanak eta gero, orain horrela ikusteak pena ematen du», aitortu du Ormazabalek.

Ehun bazkide inguru izatera iritsi zen Txaramako elkartea. Aurten, 75 urte egingo ditu. ATARIA


Azpiegitura horiek guztiak Araxes paper fabrikarekin lotu behar direla zehaztu dute amaroztarrek. «Paper fabrikako jabea baitzen, aldameneko eraikinen jabea, eta ondorioz, zinearen, dendaren edota frontoiaren jabea», esan du Ijurkok. «Etxe horietan bizitzeko fabrikan lan egin behar zenuen, eta bertan lan egiteari uzten bazenion etxebizitza utzi behar zenuen», dio Ormazabalek. «Baina beti zegoen etxeko norbait bertan lan egiteko prest, aitona-amonak lehenbizi, gurasoak gero, eta seme-alabak ondoren», gehitu du Juani Iturriagak. Aurrerago, eta fabrika itxi aurretik bertan bizi ziren langileek etxebizitza erosi ahal izan zutela kontatu dute.

Bestalde, kultur ekitaldiez eta jaiez gain, Txaramak kirolariengatik ere oihartzuna izan zuela diote. «Sokatira taldeak, esaterako, maila handia eman zuen eta futbolean txapeldun ere izan zen Tolosan antolatu zen enpresen arteko txapelketan».

Txaramar izaera

Lehen errepide nagusia zena bertatik igarotzeak ere eragin handia izan zuela nabarmendu dute, jende asko pasatzen baitzen bertatik. «Batzuk geratu ere egiten ziren, eta horrela hainbat erlazio eta familia sortu ziren», aipatu du Juani Adurriagak.

Auzoak elementu horiek guztiak izan bazituen, mugimendua egon zenaren seinale da. «Baina, duela 50 urtetik hona, gauzak aldatzen joan ziren, eta bereziki, paper fabrika itxi zenetik», gehitu du Ormazabalek.

 

Juani Adurriaga: «Jende asko beste leku batera joan da bizitzera, eta oso jende gutxi geratu da bertan» 



Garai batean auzoa nola zen gogoratzean «pena» sentitzen dutela dio Juani Adurriagak. Bera Amarotzen bizi da, baina txaramarra da jaiotzez. «Jende asko beste leku batera joan da bizitzera eta oso gutxi geratzen dira bertan. Ni gertu bizi naiz, baina auzotar izandako asko urrun bizi dira, eta horiekin, batez ere, harremana mantentzea ez da erraza».


Garai bateko argazki hauetan ikus daitekeen moduan, mugimendu handia izan zuen auzoak, bereziki fabrika jarri zutenetik aurrera. ARANZADI


Ijurkok, berriz, dio, ez dela «nostalgia» kontua, «zerbait naturala» dela. «Norberak jaio den herri edo auzoa maite du». Txaraman auzoko elkartea izan dela auzotarrak elkartu dituen elementuetako bat dio. Hain justu, aurten 75 urte egingo ditu elkarteak. Ehun kide inguru izatera heldu zela gogoratu du, baina, egun 36 baino ez direla. «Batzuk hiltzen joan dira, eta besteak kanpora bizitzera joan direlako bazkide izateari utzi diote pixkana».


Araxes paper fabrikaren ikuspegia. ARANZADI


Txaramar guztiek oso bere sentitzen omen dute auzoa, eta txaramar sentitzen dira. «Nire kasuan, ni Ibarran bizi naiz eta ibartar sentitzen naiz neurri batean, baina bertan badakite ni Txaramakoa naizela». Hain justu, txaramar izaera aldarrikatu nahi dutela ere gehitu du Ijurkok: «Gu sekula ez gara tolosarrak izan, nahiz eta batzuk horrela pentsatu. Gu beti txaramarrak izan gara, Txarama eta Leaburukoak, eta garai batean Txarama, Leaburu eta Gaztelukoak».

 

Jon Ijurko: «Sekula ez gara tolosarrak izan, nahiz eta batzuk horrela pentsatu; txaramarrak gara»



Sekula ez dela izan zen auzoa ostera itzuliko badakite, baina ez dute ahaztu nahi. «Gure lotura hor egongo da». Auzora azken urteetan iritsi diren kide berriak ere aipatu dituzte. «Jatorri desberdineko herritar ugari heldu da, eta zaila izango den arren, poliki-poliki guztiak gu bezala auzotar sentitzea litzateke politena», esan dute.

 

Jose Luis Adurriaga: «Ea biharko festaren ondoren gehiago elkartzen goazen gauzak antolatzeko»



Aurrera begira jartzen hasita, Tour-aren ondoren hasi zuten dinamikarekin jarraitzea espero dute: «Ea biharko festaren ondoren auzotar gehiago elkartuz doazen gauza gehiago antolatzen joateko». Eta biharko festari dagokionez, «ilusio handiarekin» antolatu dutela eta polita izango dela diote, inguruko herritar oro bertaratzera gonbidatuz.

Garai batean Txarama auzoak zuen itxura. ARANZADI

 

EGITARAUA

08:00. Kalejira auzoan zehar eta suziriak.

10:00. Boluntario topaketa Cuatro Vientos-en.

11:00. Hamaiketakoa plazan, elkartearen eskutik.

11:30. Toka Giroarte dultzaina taldearekin eta herriko musikariekin.

13:30. Kalejira Cuatro Vientos-era.

14:00. Auzotarren argazkia.

14:15. Peñagarikano bertsolariaren harrera.

14:30. Topa eta bazkaria.

Bazkal ondoren. Musika DJ Iñigo Perurenaren eskutik... tutua jo arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!