Bihartik igandera ospatuko dituzte festak Leaburun

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 28a, 07:59

Larunbatean eta igandean egingo dituzte festen barruko ekitaldi nagusiak; herri afaria larunbat gauean egingo dute herriko frontoian, eta bingoaren ondoren, disko festa egingo dute.

Leaburuko festak abiatuko dituzte bihar San Pedro egunez. Igandera bitarteko ekitaldiak antolatu ditu herriko festa batzordeak, udalaren laguntzaz. Askotariko ekitaldiak izango dira adin guztietako herritarrentzat bideratuta.

Meza ostean, bihar egingo duten hamaiketakoarekin abiatuko dituzte festak eta arratsaldean, 17:30ean, haur jolasak eta txokolatea izango dute herriko txikienek. Kirol kontuak ere ugari izango dira aurtengo festetan: etzi, frontenis txapelketa egingo dute arratsaldean; eta igandean berriz, futbito txapelketa izango da goizez eta herri kirol saioa arratsaldez. Bikoteka ariko dira aizkoran elkarren aurkako lehian, eta ondoren, herriko 16 gaztek elkarren kontra jardungo dute.

Kulturaz gozatzeko

Larunbatean egingo dituzte festa giroko ekitaldi nagusiak. Arratsaldez Tio Teronen Semeak taldeko kideak ariko dira, eta herri afaria eta bingoaren ostean, disko festa izango da bertaratutako guztientzat.

Festei amaiera emateko Jon Plazaolaren Tu-Tum Platz izeneko bakarrizketa ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da igande arratsaldean, 19:30etik aurrera. Ekitaldi horrekin bukatuko dituzte aurtengo San Pedro festak Leaburun, eta udaletik egunotan antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte eskualdeko herritarrak.

Egitaraua:
  • Ekainak 29, osteguna
    • 12:00. Meza eta hamaiketakoa.
    • 17:30. Haur jolasak eta txokolatea.
  • Ekainak 30, ostirala
    • 17:30. Frontenis txapelketa.
    • 20:30. Sardina jatea edo bakoitzak berea etxetik eramanda afaria.
    • 22:00. Dantza emanaldia.
  • Uztailak 1, larunbata
    • 10:30. Tortilla patata eta paella lehiaketak.
    • 12:30. Prestatutakoaren dastaketa, sagardoarekin batera.
    • 19:30. Tio Teronen Semeak taldeak bere azkeneko ikuskizuna eskainiko du: Festamentua.
    • 21:00. Herri afaria eta bingoa.
    • 00:00. Disko festa.
  • Uztailak 2, igandea
    • 11:00. Futbitoa frontoian.
    • 12:00. Haurrentzako zirku tailerra.
    • 17:30. Herri kirolak. Aizkoran: Iñaki Azurmendi-Amalur Arbelaitz, Miel Mari Jauregi Altzo-Nerea Arrutiren aurka. Ondoren, herriko 16 gazte elkarren aurka.
    • 19:30. Jon Plazaolaren Tu-Tum, Platz ikuskizuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!