Atxilotu egin dute Leaburu-Txaramako istripuan inplikatutako auto gidaria

Ataria 2023ko maiatzaren 28a

Auto gidaria 49 urteko gizonezkoa da, eta Segurtasun sailak esan duenez, positibo eman zuen alkohola eta drogak detektatzeko probetan.

Larunbatean motozale bat hil zen GI-2135 errepidean Lizartzarako noranzkoan, Leaburu-Txaraman. Istripua moto bat eta auto baten artean izan zen, eta moto gidaria, gizonezkoa, bertan hil zen. Bada, Segurtasun sailetik esan dutenez, istripua gertatu eta ordu batzuetara istripuan inplikatutako auto gidaria atxilotu zuten. Bide-segurtasunaren aurkako delitu bat eta zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa bat leporatu dizkiote 49 urteko gizonezkoari. Halaber, alkohola eta drogak detektatzeko probetan positibo eman zuela jakinarazi dute.

Atxilotuak zauri arinak zituen eta Tolosako Asuncion Klinikan artatu zuten; ondoren poliziaren esku gelditu zen diligentziekin jarraitzeko. Horiek amaitzean Tolosako Goardiako Epaitegiaren esku utzi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!