Andoni Otegi preso leaburuarra Euskal Herriko espetxe batera ekarriko dute

Ataria 2022ko urriaren 13a

Andoni Otegi preso leaburuarra, kamiseta gorriarekin, amaren hiletan.

Espainiako Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailak 11 euskal presoren Euskal Herriratzea adostu dute.

Euskal Herrira ekarriko dituzten presoen artean dago Andoni Otegi leaburuarra. Hain justu, gaur bete dira bi urte Almeriako espetxetik Logroñokora lekualdatu zutela. 2002tik dago espetxean Otegi; Frantzian pasa zituen lehen urteak.

Honako hau da lekualdatuko dituzten gainerako presoen zerrenda: Iratxe Sorzabal Madrilgo Estremerako espetxetik eramango dute; Alcala Mecotik, Itziar Moreno; Dueñasetik (Palentzia), Mattin Sarasola eta Beñat Aginagalde; El Duesotik (Kantabria), Julen Atxurra eta Beatriz Etxebarria. Azkenik, Gurutz Agirresarobe, Asier Arzalluz, Harriet Iragi eta Iker Olabarrieta Logroñotik ekarriko dituzte Euskal Herrira. Orain, Jaurlaritzari egokituko zaio bakoitza ze espetxetara eramango duen erabakitzea: Zaballara, Basaurira edo Martutenera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!