Jon Irisarrik urtebetez luzatu du hitzarmena Caja Ruralekin

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 24a, 20:59

Txirrindulari leaburuarrak balantze positiboa egin du aurtengo denboraldiaz.

Txirrindularitzan denboraldia oraintxe bukatu dute, eta Jon Irisarri txirrindulariak beste urtebetez jarraituko du Caja Rural taldean. «Zortez taldean jarraituko dut, bertan egin dut orain arteko ibilbidea profesionaletan, eta oso pozik nago bertan jarraituko dudalako», esan du. «Urtea oso arraroa izan da, tartean etxean geldituta eta lasterketarik egin gabe egon izan gara, baina esan behar da antolatzaileek sekulako lana egin dutela urte bukaeran eta lasterketa asko aurrera atera dira. Azkenean urte nahiko txukuna geratu da».

Beste urteetan baino gutxiago korritu arren, «oso pozik» dagoela azaldu du: «Erakutsi ahal izan dugulako konfinamenduan egindako lana, etxean lan dezente egin baitugu, jakin gabe lasterketak egingo genituen. Azkenean denboraldia nahiko osoa izan da, zein egoeratik gentozen ikusita». Berrogei bat egunetan aritu da Irisarri aurten lehiatzen: Burgosko Itzulia, Italia eta Frantziako zenbait probetan, Portugalen ere, eta Ordizian parte hartuz bukatu zuen. «Zalantzekin hasi ginen lasterketetan, ezohiko urte honetan errepidean askoz gutxiago entrenatu dugulako, eta ez genekien nola erantzungo genuen. Baina oso pozik nago izandako errendimenduarekin. Balantze oso positiboa egiten dut bigarren zatian egindakoarekin».

Espainiako Vueltan ez zuen aurtengoan parte hartu leaburuarrak. «Ilusioa nuen, baina taldekide guztiek nahi izaten dute, ez da erraza. Espero nuen egotea, baina taldeak bere zortzikoa erabakitzen du, eta denak oso maila ona ematen ari ginen, eta merezita joan ziren».

Datorren urteari begira, Irisarrik espero du lasterketak egin ahal izatea: «Aurtengo denboraldia salbatzea zen zailena. Iruditzen zait normal joango dela datorrena, hartu beharreko neurriekin. Nire aldetik, ikusi dut konfinamendua eta gero beste salto bat egin dudala, gorputzean garapena izan dudala, eta beste maila batean bukatu nuen urtea. Datorren urtean saiatuko naiz aurrerapauso bat ematen eta lasterketak lehiatzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!