Gogoz inauteriak iristeko?
Bai, gutxi falta da eta gogoz.
Leaburukoa jaiotzez, Ibarran bizi zara gaur egun. Tolosako inauteriak zure herrikoak bezala bizi dituzu?
Bai. Tolosan bertan ikasi nuen eta han egin nuen lagunartea. Urtean zehar ospatzen diren festa guztietatik gehien maite ditudanak inauteriak dira, San Joanak baino gehiago. Tolosa bertakoentzat agian bereziagoak izango dira, baina inauteriak denentzako zabalik dauden festak direla iruditzen zait.
Inoiz huts egin al duzu Tolosako inauterietan edo beti izan zara bertan?
Noizbait oporretara joateko ere baliatu ditut egun horiek, baina kanpoan harrapatu izan ninduten inauteriek Madrilen ikasten nuen boladan. Eta orduan bai, nostalgiarekin bizi izan nuen, batez ere, Zaldunita eguna. Hasten zara pentsatzen Tolosan egongo bazina mozorrotu egingo zinatekeela eta pena sentitzen duzu.
Nondik datorkizu zuri inauteri zaletasuna?
Ikastolan ikasi nuen eta han txiki-txikitatik mozorrotzen gintuzten. Gero lagunak han egindakoak ditudanez, haiekin batera mozorrotu izan naiz.
Txikitako oroitzapenik gordetzen al duzu?
Bai. Txilaba jantzita, zezen plazan gogoratzen dut nire burua serpentinak botatzen. Urtero Ostegun Gizenean joaten ginen, eskolatik atera, etxean bazkaldu eta Tolosara jaisten ginen zezenetara.
Txilaba ala buzoa?
Txilaba. Oraindik ere janzten dut Ostegun Gizenean.
Inauterietako zein egun duzu gustukoen?
Zalantza daukat. Ostegun Gizena edo Zaldunita. Igandea oso egun polita da, goizean goizetik sartzen zara giroan, mozorrotuta. Egun pasa ederra da.
Txupinazoaren momentuan egoten zara?
Saiatzen naiz, lanean edo ikasten ez banago behintzat. Ahal dudala joateko ohitura dut.
Dianara, berriz, joaten al zara?
Gustatzen zait, bai. Leaburun bizi nintzenean mozorrotuta jaisten nintzen, baina orain Ibarran bizi naizela, agian animatuko naiz pijama jantzi eta Dianara joaten.
Mozorro ezberdina janzten duzu egunero?
Normalean igandean eta astelehenean bakarrik ateratzen naiz. Asteartita eguna deskantsurako uzten dut. Zaldunitan kuadrillarekin ateratzen naiz eta denok mozorro berdina daramagu. Astelehenean, berriz, norbera bere gisara ateratzen da topatzen dituen trapu eta disfrazekin.
Noiz hasten zarete kuadrillan mozorroa prestatzen?
Aurten eguberritan hasi ginen pentsatzen. Inauteriak noiz diren, horren arabera, lehenago edo beranduago hasten gara. Inauteriak bukatzen direnean, hurrengo urteko mozorroa oso garbi izaten dugu guztiok, baina hurrengo urtea iristerako berriro ahazten zaigu. Bederatzi lagun gara. Beti dago baten bat gehiengoak erabakitakoa gustatzen ez zaiona, baina moldatzen gara.
Zuek erosi edo prestatu egiten dituzue mozorroak?
Badira batzuk guk oihalak Kilon erosi eta moztu, itsatsi edo josi izan ditugunak. Beste batzuetan, berriz, zuzenean mozorro osoa erosi izan dugu.
Besteentzako josten aritzea ere tokatu izan zaizu?
Bai, jostun bezala aritzen nintzen garaian tokatu zitzaidan. Aisialdi taldeentzako jantziak ere egin izan ditut.
Zeintzuk dira atera dituzuen mozorro gustukoenak?
Adibidez, Kinder Buenoz eta Kinder Buenon ateratzen diren jostailuz atera ginenekoa gogoratzen dut; Tamagochiz ere atera gara; Artaldez jantzi ginen; Toreroz eta zezenaz. Denetarik pasa dugu.
Astelehenean atera izan zarenetan zein mozorro klase erabili izan duzu?
Aprobetxatu izan dut aurreko urteetako mozorroren bat ateratzeko. Egia esan, mozorroz betetako kaxa handi bat dugu ahizpa eta biok eta hortik tiraka aukeratzen dugu askotan disfraza.
Aurtengoa prest al duzue? Aurreratu nahi duzu zertaz joango zareten?
Prest dugu baina ez dut aurreratuko. Sorpresa bezala gordeko dugu.
Karroza edo plataformaren bat atera izan al duzue?
Bai plataforma txikiren bat atera izan dugu. Beste urte batean lehiaketa moduko bat egin genuen: kuadrillan Nesquik eta Cola Cao zaleak banatuta gaude eta horrekin karroza txiki bat bezala egin genuen, apainduta eta pintatuta. Hala ere, ez gara inoiz aurkeztu lehiaketara. Gure gisara ibiltzen gara.
Inauteri guztietatik momenturen bat aukeratu beharko bazenu zein izango litzateke?
Zezen plazatik txarangak ateratzen diren momentua oso gustuko dut. Zain zaude eta badatozela entzuten duzu. Oso momentu hunkigarria da.
Inauteriak egunez edo gauez?
Agian lehen gauez erantzungo nizun, baina uste dut gaur gaurkoz egunez politagoa iruditzen zaidala.
Tabernetan, txosnetan, txarangen atzetik?
Taberna inguruetan ibiltzea gustatzen zait, baina txaranga bat pasatzen denean atarira atera eta saltoka ibiltzea gustatzen zait.
Irudikatzen duzu txarangarik gabeko inauteria?
Ez. Eta ez bakarrik inauteriak, ez dut irudikatzen Tolosa txarangarik gabe.
Zezenik gabeko inauteriak?
Zaila da erantzutea. Zezenen inguruan egindako jaiak dira, txarangak ere bertara joaten dira eta jende asko mugitzen dute. Ondo legoke zezenak sufrituko ez balute... Gaur egun, dagoeneko, ez naiz zezenetara joaten.
Gogoan duzu besteren batek erabilitako mozorroren bat?
Bai, Rajoy Tolosatik paseatzen ikusi nuenekoa, adibidez. Oso ondo egin zuten. Irudimen asko dagoela iruditzen zait, asko bizitzen den gauza bat da eta urtean denbora asko pasatzen du jendeak zertaz atera pentsatzen eta gero ideia hori garatzen.
Biharamunik izaten al duzu? Hausterre eguna gogorra da zuretzat?
Bai. Pena izaten dut, egia esan.