Plan Orokorra onartu dute Leaburu-Txaraman

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 2a, 10:17

Etxebizitzetan jarri dituzte begiak Leaburu-Txaraman. HAPO onartu ondoren, etxebizitza berriak egin eta baserri hutsak berritzeko oinarriak zehaztu dituzte.

Zortzi urteren ondoren, Hiri Antolamendurako Plan orokorra osatu eta onartu zuten, otsailean, Leaburu-Txaraman. Luisa Uzkudun alkateak azaldu duenez, «zerotik hasita» egin behar izan dute plana. «Aurrez, bazegoen plan bat, baina, duela 35 urte egindakoa zen eta legeak oso-oso zaharrak ziren». Geroz egindako planak, «plan txikiak» ziren, «momentuko korapiloak askatzeko egindakoak».

Plan berriak arlo guztietan ekarriko dituela aldaketak adierazi du Uzkudunek, baina, bereziki, etxebizitzetan jarri dute pisu handiena. «Urte guzti hauetan, etxebizitza berriak egiteko lur sailak izendatu gabe eduki ditugu, eta horrek esan nahi du, urte hauetan, edo ez dela etxebizitzarik egin, edo egin direnak kontsolidatu gabe egin direla, hau da, guztiz legeztatu gabe».

Behin urbanizatu daitezkeen eremuak finkatuta, etxebizitzak egiteko proiektua dute esku artean. Duela sei urte, inkesta bat bete behar izan zuten herritarrek, babes ofizialeko etxebizitzen interesik bazegoen ikusteko. «Udalekook hamabi etxebizitza egitea aurreikusten genuen, eta hamar lagunek eman zuten baiezkoa», azaldu du Uzkudunek. Ordutik denbora pasa da, eta legealdi berriarekin batera, berriro egingo dute inkesta, eskaririk baden ikusteko. «Emaitzen arabera, segituan jarriko genuke martxan proiektua».

Leaburun, bi lursail aurreikusi dituzte etxebizitzak eraikitzeko, bata pribatua, eta, bestea, udalarena. Ostatuaren aldamenean pasatzen den errepidez bestalde dago lursail bat, eta, udalarena, parkearen ondoko eremua da. Azken horretan, babes ofizialeko etxeak eraikitzea aurreikusten dute, «gazteentzat erakargarriagoak» direlakoan.

Txaraman ere, beste lursail pribatu batean etxebizitzak eta atseden-gune bat egiteko planak aurreikusi dituzte. «Txarama auzoari buruz, ez zegoen ezer idatzita, eta auzoa hiltzen joan da poliki-poliki. Zaharkituta geratu zaigu, utzia; azken batean, etxebizitza merke-merkeak diren eremu bilakatu da Txarama». Egoera horri buelta emateko lanean jarraituko dutela dio Uzkudunek.

BASERRIEI BEGIRA

Lehentasuna etxebizitza horiei eman diete, baina, etxe huts eta baserrietara begira ere jarri dira: «Leaburuko baserriak oso handiak dira familia bakarrak mantendu ahal izateko». Beraz, plan orokorrean jaso dute, 300 metro baino gehiago dituzten baserrietan, bi etxebizitza egiteko aukera egongo dela, eta 700 metrotik gorakoek hiru etxebizitza eraikitzeko aukera izango dutela. Izan ere, etxebizitza asko hutsak daudelako hartu dute erabaki hori Uzkudunen arabera: «Hutsak, edo pertsona bat edo bi bizi diren etxe asko daude; gainera, gehienak, adin handikoak. Horrek esan nahi du, hemendik hogei urtetara, Leaburu-Txaramako biztanleen erdia bizitzea posible dela».

Herriko jendeak etxebizitza berri bat izateko aukerarik ez duelako herritik alde egin behar izateak tristura eragiten dio Uzkuduni, «hori ezin da barkatu», dio. «Gure nahia, herriko jendeak, eta, batez ere, gazteek herrian geratzeko aukera izatea da, nahi bada baserriak berrituta, edo nahi bada etxebizitza berri bat erosita».

HAPOa onartzea, beraz, pauso garrantzitsua izan da udal taldekoentzat. «Udalean sartu ginenean lehentasun moduan jarri genuen, eta, kostata baina amaitu dugu», esan du alkateak. «Leaburu goitik behera doa, gazteak herritik badoaz, eta alarma moduko bat dugu; behin herritik joaten dena, ez baita bueltatzen».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!