Txarama biziberritzeko plana martxan jarri dute

Ataria 2019ko maiatzaren 2a

Txarama auzoa indarberritu eta auzotarrei zerbitzu minimo batzuk eskaini ahal izateko batzorde bat sortu dute hainbat txaramarrek. Auzoa biziberritzeko proposamenak jaso eta udalean aurkeztu dituzte.

Denbora da Leaburu-Txaramako Udala Txarama auzoarekin kezkatuta zegoela. «Gauzak berritu izan ditugu, baina, beti, petatxuak izan dira, eta ikusten genuen Txaramak zerbait gehiago behar zuela», azaldu du Luisa Uzkudun Leaburu-Txaramako alkateak. Hortik pentsatu zuten auzoa bere «osotasunean» hartu behar zutela. Izan ere, Uzkudunen ustez, auzoa, «erreka ondoan dauden etxe batzuk» bezala ikusi izan da gaur egun arte, eta «ez zaio auzo izaera aitortu».

Hori horrela, Txaramako auzotarrak udalarekin bildu ziren iazko abendu hasieran, bilera bat egiteko. Bi alderdien kezkak entzunda, Txaramako auzotarrek batzorde bat sortu zuten. Horko kide dira Mari Jose Alkorta eta Jose Luis Adurriaga, eta haiek azaldu dutenez, «hiru hilabeteko epean, proposamen eta ideiak biltzen aritu gara». Txaramak bizirik jarrai dezan, ostegunero bildu dira, hiru hilabetez, aukera eta ideia berriak jasotzeko. Honako puntuak jaso dituzte, besteak beste: errepideko abiadura, postontziak, zebrabideak, frontoia eta kirol instalazioak, argiteria, aparkalekua, atsedenlekua, autobus geltokiak, kolektoreak, plaza berritzea eta baratzeak.

Behin proposamenak udalean aurkeztuta, arkitektoarekin jarri dira harremanetan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egingo dute diru laguntzetara aurkeztu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!