«Laguntasunagatik egiten dute dena, eta ez diruagatik»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urt. 26a, 08:59

Jon Irisarri Caja Rural taldeko txirrindularia Etiopian izan da, bi astez, bertako hamar haurri laguntza emanez. Entrenamendu saioak ezin izan ditu albo batera utzi, eta bertan ezagutu duen Etiopiako Mekele ingurua «perfektutzat» jo du txirrindularitzarako.

Etiopiatik itzuli berri harrapatu du TOLOSALDEKO ATARIA-k Jon Irisarri leaburuarra, Benidormen. Txirrindulari profesionala izanik, Etiopian ezin izan du bizikleta albo batera utzi, eta bi txirrindulari etiopiar izan ditu bidelagun, entrenamenduetarako. Behin probatuta, Etiopiako Mekele ingurua oso toki egokitzat jo du. Bertan bizitakoek zer pentsatua eman diote, eta ez luke aldatuko bidaia. Hitz batean, bertakoen laguntasunarekin geratu da.

Abenduaren 22an joan zinen Etiopiara. Nolatan suertatu zitzaizun aukera hori?

Afari batean. Tsgabu Gebremaryan Grmay Mitchelton-Scott taldeko txirrindulari etiopiarra Mikel Gurrutxagaren etxera joan zen afaltzera, Euskal Herriko itzuliaren aurretik etapak ezagutzeko. Entrenamendu batean afaltzeko geratu ginen eta, afari hartan, Tsgabuk bere etxera gonbidatu gintuen, bai Mikel eta baita ni ere. Orduan, Mikelek, bere gobernuz kanpoko erakundearen parte izan nahi ote nuen galdetu zidan. Nik baietz esan nion, eta ilusio handia egiten zidala, gainera. Eta hor hasi zen dena. Bertara joan eta laguntzeko dena prestatzen hasi ginen.

Zein helbururekin izan zara Etiopian? Edo zein da gobernuz kanpoko erakundearen egitekoa?

Solidarity Cycling Project gobernuz kanpoko erakundearen helburua kaleko haurrak hartu, eta aukera bat ematea da. Azkenean, ume horiek ez daukate inongo aukerarik, ez eta etorkizunik ere. Eta gu arropa eta bizikletan ibiltzeko materiala ematen saiatzen gara, eta baita bizikleta bera ere. Txirrindulariak izan daitezen laguntzen diegu, eta talderen batean-edo sartzen, etorkizun bat izan dezaten.

Oinarrizko ikasketak 11 urterekin amaitu egiten zaizkie eta, hortik aurrerakoa, beraiek ordaindu behar dute. Gu txirrindularitza talderen batean sartzen saiatzen gara, txirrindulari taldeak ematen dien diru apur horrekin ikasketa batzuk egin ditzaten. Ez bakarrik txirrindulariak izateko, baizik eta etorkizun batean, ikasteko.

Nola bizi dute txirrindularitza Etiopian?

Korrikalari handiak ateratzen dira, eta nik pentsatzen nuen atleta asko izango zirela. Baina gu Mekele herrian izan gara, eta txirrindularitza tradizioari lotutako herria da. Egia esan txirrindulari asko daude eta, nire harridurarako, emakume txirrindulari asko daude. Talde mordoa dago, eta gauzak ondo egiten dituzte. Azkenean, talde horiek guztiek txirrindulariei etxea jartzen diete, eta janaria ematen diete; baita soldata txiki bat ere. Beraien ligaxka bat dute, eta kaleetan txirrindulari asko ikusten dira

Orduan, Euskal Herrira ez da iristen Etiopiako txirrindularitzarik.

Hori da. Guregana ez da iristen, eta oso zaila zaie Europara bidaiatzea. Guk Etiopia korrikagatik ezagutzen dugu, eta bertan txirrindulari asko daude, eta gazte on asko, gainera.

Zein izan zen zuen egunerokoa, hamabost egun horietan?

Denboraldi-aurreari begira entrenatu beharra neukan. Ezin nituen albo batera utzi nire saioak, eta goizetan entrenamendu saioak egiten lagundu zidaten, bai Tsgabuk, eta baita Caja Rural taldean ibili den Hailu Hailemelekotenek ere. Goizetan entrenamenduak ondo egiten saiatzen ginen. 2.200 metro inguruko altueran geunden, eta oxigeno gutxiagoarekin altura horretara egokitu egin beharra izan nuen. Errepide onak daude, eta mendateak ere bai, eta gustura geratu nintzen entrenamenduekin. Arratsaldeetan umeengana joaten ginen eta, adibidez, merienda ematen genien. Arropa ere banatzen genien, eta bizikletak ere erosi behar izaten genituen, ume horiei emateko. Arratsaldero, bagenuen egiteko zerbait; bi aste izan ziren, eta aspertzeko tarterik ez genuen izan. Eta, nola ez, Mekele nolakoa den ere ezagutu genuen.

Bidaia horretan zerk harritu zaitu?

Hemendik begiratuta, Etiopiako edota Afrikako herrialde pobreez irudi bat egina dugu. Egun batean, mendate bat igo, eta 3.000 metrora geundela, haurrak ikusten genituen gora eta behera. 10 bat kilometro egiten zituzten, oinez, eskolara joateko. Goikaldeko eremuetan ikusten genuen, zer nolako pobrezia dagoen. Haurrak eltxoak aurpegian dituztela zeuden eta, aurrez aurre ikusi nituen, telebistan edo argazkietan ikusten ditugun irudi horiek .

Horren aurrean, zer dator burura?

Jaio garen tokian jaiotzegatik dugun zorteaz konturatu nintzen. Pentsarazi egin dit. Guk gure etorkizuna aukeratzeko eskubidea dugu. Medikua izan nahi baduzu saia zaitezke, eta familiak lagunduko dizu. Edo kirolari, edo irakasle. Han ez dute aukerarik. Familia pobre batean jaiotzen badira, ez daukate ezer, eta familiatik datorren lan horretan aritzea besterik ez daukate.

Zer transmititu dizute bertako haurrek?

Ez genuen nahi, gauzak eman eta horretan geratzerik. Bideo batzuk grabatzen saiatu ginen. Arratsaldero taberna moduko batzuetan elkartzen ginen merienda emateko eta, frutak-eta ematerakoan, etorkizunean zer izan nahi duten galdetzen genien, zer ikasi nahi duten,... Itzultzaile bat genuen, komunikatu ahal izateko. Polita eta hunkigarria izan zen. Batek artea ikasi nahi duela esan zigun; beste batek ingeniaritza; irakasle, beste batek,... Polita izan zen elkarrizketa horiek izatea.

Bazenuen Etiopiaren berririk, edo joan aurretik aritu zinen begiratzen?

Tsgaburekin eta Mikelekin elkartu aurretik, ez nuen inongo jakintza edo berririk. Banekien Mikelek gobernuz kanpoko erakunde bat zuela, baina besterik ez. Baiezkoa esan nienean, orduan hasi nintzen begiratzen. Gero, txertatze kontuekin hasi, eta zein gaixotasun dauden jakitean, eta medikuak oso arriskutsua dela esatean, orduan bai, izan nituen kezka batzuk. Konturatu naiz ez dela horrenbesterako. Guk zortea izan dugu. Mekele 2.000 metrotik gora dago, eta han gaixotasun arriskutsu gutxiago daude. Ni, momenturo, oso seguru sentitu naiz.

Banatzeko materiala ere eraman duzue.

Hegazkinean pisuaren muga dago, eta arropa guztia eramateko ere nahikoa lan izan genuen. Arropaz gain, kaskoak, betaurrekoak... Nolabait, bizikletaren gainean beharrezkoak diren materialak eraman genituen. Bizikletak ezin genituen eraman, eta Mikelek Etiopian bertan erostea pentsatuta zeukan. Egia da hemendik eramaten dituztela bizikletak, eta han garestiagoak direla. Baina, azken finean, hobeto ateratzen zitzaigun, eta bertan erosi genituen.

Gabon egunak etxetik kanpo pasatzea tokatu zaizu. Zer nolako esperientzia izan da?

Bai. Beti familian ospatu izan ditut, eta niretzat lehen aldia izan da, kanpoan ospatzearena. 24 eguna baino gogorragoa egin zitzaidan, Urtezahar eguna. Beraiek ez dute ospatzen, eta saiatu ziren zerbait berezia egiten, baina dilista batzuk afaldu genituen. Momentu txarra pasatu nuen, baina ez nuke aldatuko. Aukera aprobetxatu beharra neukan.

Nolakoak dira etiopiarrak?

Oso jende irekia da. Nire bizikletaren koadroa babesteko patilla puskatuta iritsi zen Etiopiara. Ezin nuen entrenatu eta, momentu batean bueltatzea ere pasatu zitzaidan burutik, ezin bainuen inon erosi. Ez da hemen bezala, eta ezin da dendara joan eta erosi. Larunbata zen, eta hiru mekanikari pasatu ostean, konponketa egingo zidan bat aurkitu genuen. Igandean, 05:00etan jaiki zen niri patilla berri bat egiteko. Ordaintzen saiatu nintzen, eta ez nuen lortu. Beti mesedeak egiten aritzen dira, eta trukean ezer eskatu gabe. Laguntasuna da hitza. Laguntasunagatik egiten dute, eta ez diruagatik. Norabait mugitu behar bagenuen ere, Hailuk lagun bat bidaltzen zigun, eta ez ziguten ezer kobratzen. Gurekin geratzen zen zerbait hartzeko, eta listo. Kaleko jendea da, gertukoa. Maitatuak sentitu gara.

Sare sozial bidez bidaiaren berri zabaldu duzu. Zer erantzun jaso duzu?

Beste edozein bideo bezala, sare sozialetara igo nituen bidaiako bideoak ere eta, egia esan, harrituta geratu naiz izan duten oihartzunarekin. Eskertzen da horrelako proiektuengatik interesatu, eta jendeak babesa eskaintzen duenean. Jende mordoa inguratu zait laguntzeko prest.

Zerekin geratzen zara?

Ume horiei laguntza emateko aukera izatearekin, etorkizunean gehiago laguntzen saiatu beharko badugu ere. Kasu honetan hamar ume izan dira eta, behintzat, hamar ume horietatik zortziri, etorkizun hobeago bat izaten lagundu badiegu, bada zerbait. Eta baita beraien familiei ere.

Txirrindulari profesionala izanda, ezin galdetu gabe utzi. Zer moduzko herrialdea da Etiopia entrenatzeko?

Kezka baldin banuen ere, oso errepide onak dituzte entrenatzeko. Guk taldean altuerako kontzentratzeak egiten ditugu, eta horretarako ondo dago, duen altueragatik. Mendate luzeak edo motzagoak behar dituzula ere, denetarik dago. Zelaia ere badu. Tsgabuk esan zidan, askotan pentsatu izan duela taldekideak bertara eramatearena. Hegazkin bidaia da garestia, gainerakoan, hotelak-eta oso merkeak dira. Perfektua dela esango nuke.

Aurtengo denboraldiari begira zein helburu dituzu?

Badakit Euskal Herriko Itzulian izango naizela, eta sasoi onean iritsi nahiko nuke. Lasai nabil, itzulira begira entrenamendu indartsu eta luzeak egiten. World Tourreko lasterketa izanda, uzten dizun puntu hori aprobetxatu nahi dut, gero Asturiasko edo Frantziako lasterketetara joateko. Aurrean ibili nahiko nuke, eta ea postu onen bat egiten dudan. Helburu polita dela uste dut, eta motibatuta nago.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!