Etorkizun bat izan dezaten

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 26a, 08:59

Solidarity Cycling Project Etiopiako Txirrindulari Eskola laguntzeko gobernuz kanpoko erakundea da. Gabonetan Etiopian izan da Mikel Gurrutxaga sortzaileetako bat, Jon Irisarri txirrindulariarekin.

Etiopiako haurrei laguntzeko, 2016. urtean sortu zuten Solidarity Cycling Project gobernuz kanpoko erakundea. Seiko talde txiki bat da, eta tartean dago Mikel Gurrutxaga. 2015ean egin zuen lehen bidaia, kasualitatez, Etiopiara. Laguntzeko beharra sentitu eta aukera baliatzeko pausoa egin zuen. Bertako neska-mutilei laguntza emateko lanean hasi ziren. Kirola egiteko aukera eman nahi diete.

Txikitatik txirrindularitzari lotuta bizi da Gurrutxaga: «Gure ingurunea beti bizikletaren ingurukoa izan da eta, batik bat, horregatik da txirrindularitzari lotutako erakundea». Bizikletak Afrikan garrantzi handia duela dio: «Laguntzen ditugun haurrek kilometroak egin behar izaten dituzte bizi diren tokietatik eskolara joateko eta guk ematen dizkiegun bizikletekin asko errazten diegu bidea».

Etiopiarren errealitate gordina bertatik bertara ezagutzeak, barruak mugitu eta elkartasun egitasmoa martxan jarri zuten. «Derrigorrezko ikasketak hamaika urterekin amaitu, eta gero nahikoa lan izaten dute. Gutxi batzuk ikasten jarraitzen dute, eta bestela nekazaritzatik bizi dira, edo kalean gora eta behera ibiltzen dira, zeregin handirik izan gabe», kontatu du Gurrutxagak. Lagundu beharra sentitu zuten, «behin ikasketak amaituta, beste aukera batzuk izan ditzaten».

Edozein haurrek ezin du bizikleta eduki, eta oso gutxi ateratzen dira beraien herritik. Kasu honetan, bizitza erabat aldatzen diete hango haurrei, bizikleta bat ematearekin. Etiopiarrek gustura hartzen dute Euskal Herritik egiten duten lana. Txirrindularitzari lotutako herria izanagatik, «baliabideak falta» zaizkiela nabarmendu du Gurrutxagak. Urte batzuen buruan, aurrerapen handia egingo dutelakoan dago, edo esperantza hori du.

Laugarren bidaia izan da honakoa Gurrutxagarentzat eta, oraingoan, alboan Jon Irisarri leaburuar txirrindularia izan du. 12-15 urte bitarteko neska-mutilei laguntzeko helburuarekin joaten dira Etiopiara eta, laugarren bidaia honekin, talde berri bat sortu dute. Aurreko urteetakoek beste talde batzuk bilatu dituzte eta, horietatik zenbait, talde erdi profesionaletan dabiltza: «Jatekoa dute, etxe bat eta soldata txiki bat, eta hori da gure helburua. Eta beste batzuk lanean hasita daude». Ondorioz, orain beste hamar mutileko taldea osatu dute, ziklo berri bati hasiera emanez. Dagoeneko 2019ko erronkari begira jarrita daude, eta helburu izango dute beren eskolan neskak sartzea. Etiopian emakumeei zuzendutako sei edo zazpi talde daude, eta «lan polita» egiten dutela argitu du.

Urte hauetan egindako lanak merezi duela sentitzen dute. «Gure eskolatik pasa, eta taldez aldatu dutela ikusteak poza ematen du. Ez daude kalean, bide txarrak hartuta. Horrek, gosaria, bazkaria eta afaria dituztela esan nahi du. Lo egiteko leku bat, eta soldata txiki bat. Familia askok, beren seme-alabei ezin die hori eskaini, eta etorkizun hobeago bat dutela ikustea handia da». Eskerrak ematen dizkiete, eta kalean bizikletan askotan gurutzatzen dira, eskolatik pasatutako gaztetxoekin. «Egiten dugun esfortzu txiki horrekin zenbat lortzen dugun ikustea oso atsegina da, eta asko betetzen gaitu. Indarra ematen du, beste neska-mutil batzuekin aurrera jarraitzeko».

Material faltarik ez dute erakundean, baina hori guztia Etiopiara eramateko dute arazoa: «Bizikletak hemendik eramatea ezinezkoa da, izugarrizko kostua du horrek», azpimarratu du Gurrutxagak. Urtean behin bidaiatzen dute Etiopiara, eta ahalik eta material gehien eramaten saiatzen dira. Txirrindularitzako materialaz gain, ahalik eta koaderno eta boligrafo gehien eramaten saiatzen dira. «Mendian dagoen herri batera urtero bixita egiten dugu, eta beti boligrafoak eskatzen dizkigute. Normalena platanoak eskatzea da, eta arraroa da boligrafoak nola eskatzen dituzten ikustea». Beste eskola bat ere bisitatu dute, materiala banatuz: «Eramaten duguna gutxi da, baina ahal duguna egiten dugu».

Tolosaldeko herritarren batek proiektuan lagundu nahiko balu, nahikoa luke, sare sozial bidez, Solidarity Cycling Project bilatu eta harremanetan jartzea. Informazioa bertan dago. «Orain artean material asko pilatu dugu, baina, hori guztia eramateko zailtasunak ditugunez, orain dirua biltzen ari gara. Diru horrekin materiala erosten dugu, bai hemen, eta baita Etiopian ere». Herritarren babesaz gain, Idiazabalgo Udalak eskaini izan die laguntza, eta horrekin ateratzen dute aurrera, urteroko erronka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!