Azokan herritarren parte hartzea bultzatzeko eskaera egin du udalak

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 1a, 12:02

Azoka egunean Zazpi Bide elkartean egingo den  bazkarirako txartelak ostatuan eta udaletxean daude salgai hilaren 8ra bitartean. Azoka urriaren 11n izango da.

Leaburu-Txaraman urtero antolatu ohi dute barazki eta artisau azoka. Aurtengoa, zazpigarren edizioa izango da; urriaren 11n ospatuko dute 10:00etatik 14:00etara. Horregatik, udalak azoka «polita», «giro paregabean» igarotzeko asmoz, herritarrei euren «tresna zaharrak, barazkiak, artisau lanak, postreak, etab.» prestatzen hasteko gonbitea luzatu die. Gainera, animaliak dituztenei ere, azoka egunean herriko pilotalekura gerturatzeko gonbitea egin diete.

Honela, «goraka» doan azoka «erraldoia» bihurtu nahi dute, eta horretarako herritarren presentzia eta «parte hartzea» ezinbestekoak direla gogorarazi dute.

Edonola ere, batean edo bestean parte hartzeko prestutasuna duten herritarrek udaletxera deitu beharko dute, 943 67 59 31 telefonora, eta bertan eman  beharko dute izena.Herriko parte hartzaile guztiei hamaiketakoa emango die udalak.

Bestalde, azoka egunean urtero bezala, bazkaria egingo da Zazpi Bide elkartean. Bertara joan nahi duten guztiek txartelak udaletxean edo herriko ostatuan eskura ditzakete, hilaren 8a baino lehen. Helduen txartelak 20 euro eta 16 urtez azpikoenek 10 euro balioko du.

Udalak herritar guztiak «animatu» ditu, herritar guztiek batera «egun atsegin bat» igarotzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!