Leaburu eta Larresororen arteko Senidetze Eguna, eskualdean

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 3a, 16:06
Larresoron uztailean egindako egunpasa

Igandean elkartuko dira Lapurdiko herritarrak eta eskualdekoak

Leaburu-Txaramako eta Larresoroko herritarrek duela 20 bat urte hasi zuten harremanak ez du etenik, eta abendutik, gainera, beste pauso bat eman du. Izan ere, bi herrietan egindako udal batzarretan, aho batez, anaitasun akordioak sinatu eta senidetze egunak izendatu zituzten. Larresoron gorpuztu dute jada Senidetze Eguna eta orain Leaburu-Txaramaren txanda da. Ekainaren 7an, igandean, egingo dute. Plazan plaka bat jarriko dute eta jai eguna bazkari batekin amaituko dute.

Luixa Uzkudun alkateak esan duenez, XIV Orduak mendi ibilaldian sortu zen harremana, eta ondoren, gehiagora joan da. «Bazkari bakar bat egiten hasi ginen eta hortik pixkaka-pixkaka harremanak sendotu eta urtero herri bakoitzean bazkari bana egitera pasa ginen... Hemengo eta hango umeak ere lagun egin dira... Familia txiki bat gara ia-ia, eta horregatik pentsatu genuen ea zergatik ez genuen senidetzea ofizial egiten eta gauza gehiago konpartitzen; festetan gonbidatu, ekintza kulturalak elkarrekin egin...».

Igandeko Senidetze Eguna eta gero orain arte bezala jarraituko dutela esan du alkateak; urtero bi herrietan bazkariak eginaz eta bestelako ekintza bereziak batera antolatuaz. «Urrian egiten dugun azokan ere gonbidatuko ditugu. Egongo dira hitzordu gehiago», esan du Uzkudun alkateak.

 

Egitaraua

  • 10:30. Meza.
  • Ondoren, Larresoroko lagunei ongi etorria dantzariekin, agurra dantzatuko diete.
  • 11:30. Ekitaldi ofiziala, plazan. Plaka bat jarriko dute.
  • 12:00. Pilota partida, errebantxa, Larresoro eta Leaburu-Txaramako pilotariekin.
  • 14:00. Bazkaria Zazpi Bide elkartean.
  • Ondoren, kantaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!