Euskal Herriko diseinatzaile onenen artean

Olatz Arrospide leaburuarrak diseinatzaile gazteen lehiaketan parte hartu du.

Pasa den ostegunean Leioan ospatu zen XI. Euskal Herriko Diseinatzaile Gazteen Lehiaketan parte hartu zuen Olatz Arrospide leaburuarrak. Lehiaketa diseinatzaile gazteek osatzen duten Ande izeneko elkarteak antolatzen du. Arrospidek bigarren urtez hartu du parte lehiaketan, eta iazkoan publikoaren saria ere jaso zuen. Aurtengoan ezin izan du saririk jaso, baina lehiaketa «ondo» joan zen bere esanetan. «Maila handia» zegoen, eta lehiaketa nork irabaziko zuenaren zalantza nabaria zen publikoaren artean, eta horrek lehiaketa bera «interesgarriagoa» egiten du Arrospideren esanetan.

Aurretik aukeratuak izan ziren sei diseinatzailek erakutsi zituzten euren diseinuak pasarelan. Aitor eta Gorka Antxia anaia bilbotarrak izan ziren epaimahaiaren saria jaso zutenak. Arrospideren esanetan «linea garbiak» eta «kolore bixiak» dira euren diseinuen ezaugarri nagusiak.

Arrospidek Moi bilduma aurkeztu zuen, iaz lehiaketa berean aurkeztu zuenaren «jarraipena». Berak lan hau «inbestigazio pertsonal» moduan sortu du, eta hori «koloreen eta mozketen bidez» transmititzen da. Jantziak sortzerakoan, berriz, «krepeak» erabili ditu batez ere; baina, baita «zetak, gazak eta kotoiak» ere. Koloreei dagokienez, «beti» erabiltzen dituen txuriaz eta beltzaz gain, arrosa, grisa eta gorria ere erabili ditu.

Aurrera begirako proiektuak

Moda lehiaketa honetan parte hartzea ate berriak irekitzeko baliagarria dela uste du Arrospidek, eta bere kasuan ere horrela izan da gainera. Hasteko, Ande izeneko elkartean sartu da Arrospide, gainerako finalistekin batera. Horrez gain, asteburu honetan bertan, otsailaren 28an eta martxoaren 1ean, esposizio bat egingo du bi diseinurekin, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den azoka batean.

Martxoaren 25ean, berriz, Gasteizen egingo den Gasteiz On desfilean parte hartuko du, beste bi diseinurekin. Aurrera begira, urte guztian zehar ere horrelako aukerak bilatzen saiatuko dela dio Arrospidek.

Desfileez eta lehiaketez gain, Arrospide buru belarri dabil O ala O markako udaberri eta udako bilduma prestatzen, eta moda munduan bere lekua egiten jarraitzen du, gainera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!