Abiadura geldotzeko eta zebrabidea sortzeko lanak, Txaramako errepidean

Maier Ugartemendia 2015ko urt. 22a, 11:14

Lanak datozen egunetan hastea aurreikusten dute eta hiru astean amaitzea

Txaramako errepide nagusian Gipuzkoako Foru Aldundiak abiadura geldotzeko eta aparkaleku berria egokitzeko lanak egingo ditu datozen asteetan. Lanak atzeratu egin dira, baina Foru Aldundiak udalari adierazi dionez lanak datozen egunetan hasiko dituzte.

Luixa Uzkudun, Leaburu-Txaramako alkateak, azaldu bezala «bi arazorekin» aurkitu dira inguru horretan. Batetik, errekaren ondoan dagoen aparkalekuari eta autobus geltokiari «azpia jan dio urak». Eta bestetik, Txaraman azken urteetan hutsik dagoen Araxes paper fabrika  saldu egin da, eta jabe berriak segurtasuna bermatzeko asmoz «aparkalekua itxi du». Izan ere, Txaraman dauden bi eraikin altuenak eta inguruneak, duela hamarkada batzuk paper-fabrikarenak ziren, eta egun oraindik «pribatua» da.

Ondorioz, txaramarrak «zerbitzurik gabe» gelditu dira; aparkalekuaren zati garrantzitsu bat galdu dute eta baita errepidearen alde horretan zegoen autobus geltokia ere.

Arazo honi konponbide bat emateko asmoz, errepidearen beste aldean, kaperaren ondoan, aparkaleku bat jarri dute. Hala ere, aparkaleku hori errepidearen beste aldean dago, eta alde batetik bestera zeharkatzeko zebrabiderik ez dago.

Hortaz, Uzkudunen esanetan oinezkoentzat «oso arriskutsua» da egoera hori, eta konponbidea emateko Foru Aldundiarekin harremanetan jarri zen udala. Aldundiak zebrabidea eta autobusa gelditzeko gunea egingo zituela agindu zieten. Izan ere, autobusaren geldiunea ere arazo bilakatu da txaramarrentzat. Autobusa Lizartzara bidean doanean, errepidean bertan geratzen baita orain. Horrek, autoak geldiaraztea dakar eta arriskua sortzen du.

Hiru asteko lanak

Lanak datozen egunetan hastea aurreikusten dutela adierazi diete Aldunditik Leaburu-Txaramako udalari, eta hiru astean amaituak izatea espero dute. Hala ere, lanak hasteko data espero baino gehiago atzeratzen ari da. Izan ere, Gabonen aurretik hastekoak ziren lan horiekin.

Esan bezala, lan horien helburua bertatik igarotzen diren autoen «abiadura geldotzea» izango da. Baita kaperaren ondoan dagoen geltokian baskula kendu, errepidea zabaldu eta autobus geltoki berri bat egitea. Eta azkenik, oinezkoek errepidea gurutzatu ahal izateko zebrabide bat egingo dute.

Udalak txaramarrekin bilera bat egin zuen, urte amaieran, bertan egingo diren lanen berri emateko eta informazioa emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!