Txaramara ura eramateko bigarren fasea amaitzear

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 19a, 09:30

Lanen bigarren fasean hodiak pasatzen ari dira eta aste honetan amaitzea espero dute

Leaburu-Txaramako Udala herrian urarekin izaten diren arazoak konpontzeko lanetan dabil. Herrian ur gordailu ezberdinak izan dituzte orain arte, eta horietakoren bat zaharkituta geratu da. Gordailu hori Txaramakoa da, eta hortaz, orain guztia bateratu eta Txaramara ura eramateko lanak burutzen ari dira. Lanen lehen fasea uda aurretik egin zuten, eta orain bigarren fasea burutzen ari dira.

Luixa Uzkudun alkateak eta Jose Ramon Eizagirre zinegotziak azaldutakoaren arabera, udalean sartzerako ikusi zuten uraren arazoa konpontzeko «beharra». Konponbide bat eman behar zitzaion, eta horrekin lotuta Txaramako uraren gordailua «berritu egin behar zen», «txikia» zen eta hodiak «oso zaharrak» ziren; gainera, ur «eskasia» zegoen. Lanak eta gastuak ez bikoizte aldera, Leaburu-Txaramako urak gordailu «bakarretik» kudeatzea erabaki zuten. Gordailu hori Leaburun kokatuta egongo da, eta Txaramara hodi berrien bitartez iritsiko da.

Lanak hiru fasetan

Aipatu bezala, orain lanen bigarren fasea burutzen ari dira. Lanak hiru fasetan banatu behar izan zituzten lan «handia eta luzea» zelako, eta gastu ekonomikoa ere handia delako. Lehen fasea ekainean eta uztailean egin zuten. Orduan, Mahalako ituburuan ur bonba berria jarri zuten, bonba horrentzako etxola berri bat egin zuten, eta Txaparreraraino hodi berriak jarri zituzten. Lan horiek egiteak 29.700 euroko kostua izan zuen. Gastu horri aurre egiteko beharrezkoa izan zen, 2013an Foru Aldunditik herri txikiei beraien beharretarako ematen zaien diru laguntza.

Bigarren faseko lanak, duela bi aste inguru hasi zituzten eta «aste honetan» bukatzea espero dute. Hodiekin lotutako lanak burutzen ari dira. Hain zuzen ere, Leaburuko Txaparre ingurutik Zazpi-bideak zeharkatuz «ia 1.400 metroko hodiak» pasatzen ari dira, ura Txaramara eraman ahal izateko. Horretarako, 46.000 euroko aurrekontua dute, eta oraingoan ere Foru Aldundiaren laguntza jaso du udalak gastuei aurre egiteko. Hodiak herri bideetatik pasatzen ari dira, herritarren lur sailetatik «ez pasatzeko», eta herritarrei arazoak ez sortzeko.

Azken fasean, hodiak Txaramako Kartero auzora aterako dituzte. Horretarako, «900 metroko hodia» jartzea falta da, eta ondoren beharrezkoak diren loturak egitea. Hala ere, lan horiek 2015 hasieran egitea aurreikusten dute. Horrela, martxotik aurrera txaramarrek eta leaburuarrek ur berdina edango dute.
Izan ere, hori izango da herritar guztientzako erabiliko den ur gordailua, eta hortaz, bertan ponpatuko dute ura eta eman beharreko tratamendua ere bertan emango diote. Gero herri guztira bideratuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!