Ayala Serranok (Larraul, 2006) Laboral Kutxa-Euskadiren elastikoa jantziko du hurrengo bi denboraldietan, 2027an eta 2028an. Euskal taldeko txirrindulari berriak eskerrak eman dizkie familiari, entrenatzaileari, taldekideei eta Oriako Txirrindulari Eskolari —txirrindulari gisa hazi den eskolari—, baita aurreko taldeari ere, Rio Mierari, urte hauetan jasotako babesagatik eta egindako ahaleginagatik.
Serranok oso gaztetatik ekin zion txirrindularitzari. Bederatzi urte besterik ez zituela hasi zen Oriako Txirrindulari Eskolan, eta ordutik etengabeko bilakaera izan du. Bere burua eskalatzailetzat duen gipuzkoarrak urtez urte mailaz egin du gora, eta errendimendu bikaina erakutsi du.
Jubenilen mailan nabarmendu zen Limousin taldeko kide zela; tarte horretan, 2023ko eta 2024ko Munduko Txapelketetan parte hartu zuen. Ondoren, 23 urtez azpiko lehen bi denboraldietan Cantabria Deporte-Rio Miera taldeko koloreak defendatu ditu. Joan den ekainean, Sabiñanigon jokatutako Espainiako Txapelketan, 23 urtez azpiko Espainiako txapeldun izan zen.
Laboral Kutxa-Euskadiko zuzendaritzak aspalditik zuen Serrano begiz jota. Joan den urtarrilean, Larraulgo txirrindulariak taldearen Alacanteko training camp-ean parte hartu zuen. Orain, profesionalen mailara jauzia emateko unea iritsi zaio.