Ayala Serrano, Espainiako txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko ekainaren 29a

Ayala Serrano erdian, urrezko dominarekin. Iturria: Espainiako Txirrindularitza Federazioa.

Cantabria Deporte - Rio Miera taldeko txirrindulari larrauldarra azkarrena izan da emakumezkoen 23 urtez azpikoen kategorian, Sabiñanigon (Aragoi) jokatu den proban. Naia Amondarainek, Gorka Sorarrainek, Unai Iribarrek eta Eñaut Urkaregik ere parte hartu dute txapelketetan.

Ostegunetik igandera txirrindularitzako Espainiako Txapelketak jokatu ziren Sabiñanigon (Aragoi). Hiru kategoriatan izan ziren errepideko eta erlojupeko probak: eliteak, 23 urtez azpikoak eta juniorrak. Horietan, eskualdeko sei txirrindularik parte hartu zuten.

Larunbatean, elite mailako eta 23 urtez azpiko emakumezkoen errepideko proba jokatu zen; txirrindulari guztiak proba berean lehiatu ziren. Bada, 23 urtez azpikoen mailako txirrindularien artean, Cantabria Deporte - Rio Miera taldeko Ayala Serrano larrauldarra azkarrena izan zen, eta urrezko domina eskuratu zuen; sailkapen orokorrean, bederatzigarren izan zen Serrano, elite mailako azkarrenarengandik minutu eta 25 segundora. «Oso kontentu nago lortutakoarekin, oraindik sinetsi ezinik», adierazi zuen larrauldarrak lasterketa amaitu berritan. Naia Amondarain (Laboral Kutxa) ibartarrak ere parte hartu zuen. 18. postuan helmugaratu zen, irabazlearengandik ia bederatzi minutura.

129,7 kilometroko ibilbidea egiteko 3 ordu, 43 minutu eta 43 segundo behar izan zituen Serranok. Alba Codony (Massi-Baix Ter) izan zen bigarren, larrauldarrarengandik 13 segundora, eta Leyre Almena (Cantabria Deporte - Rio Miera) hirugarren, irabazlearengandik 45 segundora. Serranok azaldu zuen «argi» zuela zein zen helburua. «Erlojupeko ona egiteko asmoa nuen, baina ez zen espero bezala atera –bosgarren izan zen, irabazlearengandik 32 segundora, eta podiumetik hamabi segundora–; helburua, beraz, errepideko proba zen. Banekien onenen taldean mantentzea lortuz gero, aukerak izango nituela».

Gizonezkoen elite mailako errepideko proban eskualdeko bi txirrindularik parte hartu zuten. Caja Rural Seguros RGA taldeko Gorka Sorarrain tolosarrak lan bikaina egin zuen. Onenen artean aritu zen lanean, hurrenez hurren, bigarren eta laugarren helmugaratu ziren Joel Nicolau eta Joan Bou taldekideei laguntzeko. Azkenean, hamahirugarren izan zen. Kern Pharma taldeko Unai Iribar ibartarra 45. postuan sailkatu zen.

Gizonezkoen elite mailako erlojupeko proban ere parte hartu zuen Sorarrainek; 19. sailkatu zen, Pablo Castrillo irabazlearengandik bi minutu eta 35 segundora. Tolosarra ez zen izan proba horretan aritu zen eskualdeko txirrindulari bakarra. Lidl-Trek Future Racing taldeko Eñaut Urkaregi larrauldarrak ere parte hartu zuen, eta 25. izan zen, irabazlearengandik hiru minutu eta hamabost segundora.

23 urtez azpikoetan, Igor Iriarte tolosarra bederatzigarren postuan helmugaratu zen, Manuel Sanroma irabazlearengandik minutu eta 24 segundora.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!