Sanjoanetarako egitaraua prestatu dute Larraulen

Ataria 2026ko ekainaren 4a

Ukendu bat sortzeko tailerra egingo dute ekainaren 20an, eta San Joan sua piztuko dute ekainaren 23an.

San Joan egunaren bueltan ekitaldiak antolatu ditu Larraulgo Udalak. Alde batetik, ekainaren 20an, ukendua prestatzeko saioa bat egingo dute; eta bestetik, San Joan bezperan, barrikotea eta sua piztuko dituzte.

Ekainaren 20an, 7 belar izeneko ukendua prestatuko dute Larraulen. Mendian zehar ibilaldi bat egingo dute basa-landareak eta belarrak biltzeko, eta ondoren, bildutakoaren zati batekin ukendua prestatuko dute. Nahi duenak afaltzen geratzeko aukera izango du –afari partekatua izango da, eta bakoitzak zerbait eramango du, aldez aurretik adostuta–. Tailer honetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea 634 289 327 telefonoan edo kultura@larraul.eus helbidean.

Bestalde, ekainaren 23an, San Joan bezperan, sua piztuko dute Larraulen. 18:30etik aurrera sua prestatzeko auzolana egingo dute. 20:30ean barrikotea egin –udalak jarriko du edatekoa, jateko norberak eraman beharko du–, eta 22:00ak aldera piztuko dute sua. Ondoren musika saio librea egingo dute, norberak bere musika tresna eramanda. Boluntario bezala parte hartu nahi dutenek, udaleko kultura sailarekin jarri beharko dute harremanetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!