M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2026

Artozko tapiz alfonbrak ezagutzeko bisita igandean

Ataria 2026ko martxoaren 12a

Martxoaren 15ean bisita gidatua egingo dute Larraulgo Ekomuseoan 11:00etatik 14:00etara.

Alfonbrak arto-hostoekin egiteko antzinako teknika erakusteko ikastaroa eskaini zuen Lola Altolagirrek joan den martxoaren 7an Larraulgo Ekomuseoan.

Teknika horrekin egindako piezak ikusgai dira martxo osoan zehar Ekomuseoan bertan, eta igandean, martxoaren 15ean, bisita gidatua egingo dute pieza horiek gertuagotik ezagutzeko. 11:00etatik 14:00etara egingo da ekimena.

Artoa XVII. mendean iritsi zen Euskal Herrira eta oso ondo egokitu gure soroetara. Artoaz dena aprobetxatzen zen: animalietarako ez ezik, koltxoiak eta alfonbrak ere egiten ziren. Alfonbren elaborazioa ofizio bezala desagertu egin zen eta apenas geratzen den ezagutzarik.

Lola Altolagirrek berreskuratu egin du teknika hau eta batean eta bestean erakusten dabil. Landu dituen tapiz alfonbretako batzuk ikusgai izango dira martxoaren 31ra bitartean Larraulgo Ekomuseoan.

Argazkiak: Larraulgo Udala

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!