Gehigarria: Gastronomia

Tradizio berrasmatua

Ataria 2025eko azaroaren 12a

Zirta; txingarra; brasa. Izen asko ditu, eta baita hurkoak ere: sua; zura; kea. Horiek —eta gehiago— dira Larraulgo Zirta jatetxeko sukaldearen lanabes; bertako eta garaiko produktuak, oinarri; eta ahanzturaren mugan dauden errezeta tradizionalak berrasmatzea, molde.

Asteartetik ostiralera eguneko menua eskaintzen dute eta, asteburuan, dastatze menua. Karta, berriz, edozein unetan dute eskuragarri. Egur goria da Larraulgo ostatuko bereizgarri, eta oreka neurtu bezain ausarta proposatzen dute betiko errezetak berreskuratzearen eta gaurkotzearen artean. Parada paregabea behinola dastatutako zaporeekin atzera modu berritu batean topo egin nahi dutenentzat.

Antzinako zein gaur egungo teknikek egiten dute bat Zirtako suen artean; eta mahaira aurkezten dituzten proposamenetan suma daiteke sugarrarekiko eta kearekiko begirunea.

Kalitatea eta irudimena 

Erretegi bateko ohiko errezetak ere maisuki gauzatzen dituzte. Baina plater gogoangarriak aipatzekotan, izarra, haritz egurrean egindako bakailaoa da. Itsasoaren eta basoaren izatea batzen dira plater dotore eta fin bakarrean.

Aurretik aipatutako berreskuratzearen ordezkaria da, berriz, lapa zopa. Garai batean dastatutako zaporeetara eramango du probatzen duena. Eta hari berari tiraka sortu dute azken pintxo arrakastatsua: bakailao buruzko talo zopa. Azken honek eman du jatetxea txapela bi urtez segidan janztera Gipuzkoako Bakailaozko Pintxo Txapelketan. Hori gutxi ez, eta Euskadiko Gilda Innova saria ere eskuratu dute.

Jakiak laguntzeko edari aukera aparta ere badute eskuragarri ahosabai finenentzat. Guztia, azken xehetasuneraino zaindutako jantoki eta zerbitzu batekin.

Bertakoarekiko errespetua

Zein da, baina, plater horien muina? Ez dute sekreturik: kalitatezko lehengaiak. Bertako produktuekin lan egiten dute ia-ia beti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!