'Basandere' dantza ikuskizuna izan da ikusgai, Larraulen

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 14a

Node dantza konpainiak 'Basandere' izeneko ikuskizun berria eskaini du, eguerdian, Larraulgo plazan. Bertara gerturatu diren herritarren ikusmiran egin dute dantza Marina Eskisabel eta Borja Bordonabe dantzariek. 

Basajaunari lotutako izaki mitologikoan oinarritua dago Node konpainiaren Basandere ikuskizun berria. Hain justu, pertsonaia honen inguruko elezaharretako batean oinarritu dira sorkuntzarako. Node konpainiako kideek kontatzen duten moduan, «basoan bizi zen Basandere berarekin topo egin zuen gazte batekin maitemindu zen. Gizakiak, oinen ordez atzaparrak zituela jakitean, uko egin zien bere maitasun-eskaerei. Basanderek hurrengo egunean hil egingo zela iragarri zion eta bere hiletan ere izan omen zen. Mendeetan zehar Basajaun baturako boterea, indarra eta kemena, eta basoen zaindaria izan da, eta Basandere izaki erromantiko, mendekati eta lizuna».

Deskribapen horri buelta eman nahi izan dio Node konpainiako sortzaile eta zuzendaria den Ion Estalak, eta hala egin dute Marina Eskisabel eta Borja Bordonabe dantzariek, eguerdian, Larraulen eskeini duten ikuskizunean. 20 minutuko ikuskizuna izan da, baina herritar askoren interesa piztu du saioak. Hala, herritar ugari bildu dira plazan, haur zein heldu, eta txalo zaparrada artean amaitu dute gaurko saioa.

EMAKUMEAK ETA JUSTIZIA KLIMATIKOA

Basandere ikuskizuna, Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundearekin elkarlanean sortu da eta erakundearen Emakumeak eta Justizia Klimatikoa: lokal-globaletik ezagutza, ekintzak eta aliantzak sortuz proiektuaren parte da. Klima-justiziaren inguruko esperientziak, arte- eta sorkuntza- adierazpenak trukatzea da ekimen honen helburua, testuinguru global desberdinetan emakumeek gidatuta.

Mundubat fundazioak azaldu duenez, «klima-aldaketaren ondorioek lurrari eta lurraldeari lotutako kolektiboei eragiten diete batez ere, eta eragin berezia dute emakumeen artean eta landa-eremuan bizi diren pertsonen artean. Desberdintasun sozialak areagotzen ditu, eta krisiak eta gatazkak sortzen ditu, oinarrizko eskubideak urratzea dakartenak, eta ahultasun handieneko egoeran uzten ditu lurralde eta kolektibo pobretuenak».

Zentzu horretan, adierazi dute «artibismoa, oro har, eta dantza, bereziki, tresna indartsua dela pertsonak inspiratzeko, hezteko eta motibatzeko, mundu bidezkoago eta ekitatiboago baterantz lan egiteko. Proiektu honen jatorria klima-justiziaren inguruko esperientziak, arte- eta sorkuntza-adierazpenak trukatzea da, testuinguru global desberdinetan emakumeek gidatuta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!