Gudari baten gorpua Larraulen egon daiteke lurperatuta

Jon Miranda Labaien 2024ko uzt. 11a, 15:50

Larraulgo San Esteban eliza 1942an, hilerria gaur egun plaza dagoen tokian zegoen. Argazkia: Indalecio Ojanguren / Gure Gipuzkoa

Saseta Defentsa Sisteman hildako lehen gudarietako bat izan zen Jose Joakin Egaña Uria, EAJko kidea; Aranzadi zientzia elkarteak Azkoitiko artxiboan topatu dituen dokumentuek erakusten dute Larraulen lurperatu zutela 1936ko irailean.

36ko gerran hildako Jose Joakin Egaña Uriaren gorpua Larraulgo plazan lurperatuta egon daiteke. Orain arte susmoa zena berrestera datozen dokumentuak topatu ditu Azkoitiko artxiboan Karlos Almorza Aranzadi zientzia elkarteko kideak.  1937ko otsailaren 9an Larraulgo Juan Narbarte parrokoak, Pedro Usandizaga alkateak eta Jose Sorozabal herriko epaileak dokumentu bat sinatu zuten, zeinetan ziurtatzen duten herriko hilerrian eman ziotela lur Egaña Uriari. Agirian aipatzen dute, heriotzen erregistroan jasota egon ez arren, ziurtatu dezaketela Azkoitiko gaztea Larraulgo lurretan hil zela 1936ko irailaren 1ean, «tropa nazionalen» aurkako borroketan egin zizkioten zaurien ondorioz. 

Azkoitiko alkateak eskatuta, agiri hori bidali baino sei egun lehenago Larraulgo herriko epaileak beste ohar bat bidali zuen Azkoitiko udalera argituz, heriotzen erregistroan ez zutela jaso Egaña Uriaren heriotza, «indar nazionalen» kontrako gudarostearen parte izateagatik.

Urte guzti hauetan informazio nahasiak egon dira Egaña Uriaren paraderoaren inguruan. 1936ko irailaren 5ean Euzkadi egunkariak, Azkoitiko parrokian, gudariaren alde egindako hileta elizkizunen berri ematen du eta aipatzen du mendigoizale «adoretsua», faxisten aurkako borrokan hil zela Andazarreteko frontean, asteazkenez, irailaren 2an. Aranzadi zientzia elkarteko ikertzaileek uste dute datagatik etorri daitekeela hurrengo urteetako nahasmendua.

Orain arte, ikerketa lerro bat ere jarraitu izan dute Almorzak eta bere lankideek. Santamaña ermita inguruan 1936ko iraila hasieran izandako borrokaldiaren berri eman zuen Joseba Elosegi gudarien ofizialak 1971ean kaleratutako Quiero morir por algo bere memoria liburuan. Pasarte batean aipatzen du Santamañako kaskoan etsaiek inguratuta hiru bat orduko borrokaldia egin zutela irailaren 2an eta erasoaldi hartan buruan tiro bat jaso zuela gudarietako batek. Gudari hori Egaña Uria izan zitekeela uste izan dute ikerlariek, baina orain jakin dute bezperan hil zutela.

Argibide gehiago ere jaso izan dituzte tantaka urteotan. Azpeitiko Komandantzian bildutako gudariei 2016ko uztaila bukaeran egindako omenaldian Egaña Uriaren ilobetako batek osaba zenaren inguruan urteetan bizi izandako isiltasuna salatu zuen, eta aditzera eman zuen hamarkada batzuk beranduago iritsi zitzaiela haien senitartekoa Larraulen lurperatu egon zitekeenaren informazioa. Orain Almorzak Azkoitiko artxiboan topatu dituen dokumentuek erakusten dute uste horiek egiazkoak izan daitezkeela. 

Hegoaldera zabalduko dute ikerketa

Gaur egungo Larraulgo plazaren hegal batean, elizaren zimiterioaren aldamenean egon zen XX. mendearen erdialdera arte herriko hilerria. Itxura denez, han sartu zuten Egaña Uriaren gorpua. 

2013tik ari da Aranzadi zientzia elkartea gure eskualdean 36ko gerraren testuinguruan gertatu zena ikertzen. Almorzak gidatuta, taldean ibili dira, besteak beste, Jexux Bidaola Txirrita, Jose Luis Iraola Puskas eta Manex Arrastoa. Gipuzkoako Defentsa Batzordearen mende Azpeitian urte hartako abuztuaren 5ean sortu zen komandantzian jarri dute arreta, nagusiki. Euskal nazionalismoko sindikatu, mugimendu eta alderdi politikoak Loiolan batu ziren altxamendu militarraren aurka egiteko. 1.280 lagun inguru nominan eta ia armarik ez. 

Egaña Uria izan zen faxisten aurka altxatu zen gudarietako bat. Azkoitikoa jaiotzez, EAJko kidea zen. Kandido Saseta hondarribiarra milizien komandante-buruaren esanetara, Egaña Uriak eta gainerako gudariek defentsa sistema bat eraiki zuten Belkoaindik Andazarratera eta 34 egunez eutsi zieten bertan indar kolpistei. 

Azkeneko hamar urteotan Aranzadik Saseta Defentsa Sistema deitu duenaren ikerketan jardun du. Artxiboetan arakatu, indusketak egin, auzolandegiak antolatu eta liburuak publikatu ditu. Defentsa sistemaren iparraldean garatu du ikerketa baina azterlana borobiltzeko Egaña Uriaren gorpua topatzea falta izan zaie. 

Frontean hildako lehenengo gudarien arrastoen atzetik jardun dute urte hauetan guztietan eta lortu dute ezkutuan egon diren gorpuzkiak argitara ateratzea. Jose Arana Irastorza ANVko kidearen kasua da bilaketa luze baten ondorengo aurkikuntzaren adibidea. Zarateko Bentan hil zuten 1936ko irailaren 17an, Loiolan hileta elizkizunak egin eta gordeka eraman zuten haren hilkutxa Arrasatera lur ematera. 25 urte beranduago, klandestinoki, Donostiako Polloeko hilerrira eraman zituzten gorpuzkiak bere senideekin atseden har zezan. 2018ra arte, ordea, ez zuen aitortza ofizialik jaso. Aranzadik bultzatuta eta Asteasu, Aduna eta Zizurkilgo udalen babesarekin Donostiako kanposantuan egin zitzaion omenaldia

Oraindik ere denbora gehiago behar izan da Mikel Alberdi gudariaren gorpuzkiak haren senitartekoen esku uzteko. 2022ko abendutik Tolosan hilobiratuta dago Jagi-jagi mugimenduko eta Gipuzko Mengigoizale Batzako buruzagi izandakoa. 1936ko abuztuaren 16an hil zuten, familia bisitatzeko baimen batetik bueltan, Albizturren. Haren gorpua bahituta eduki zuten pare bat egunetan baino Saseta komandantearen bitartekaritzari esker, hilotza berreskuratu eta Bidania eta Albiztur ingurutik Loiolako basilikara eraman zuten. Solemnitate handiz egin zioten beila. Gatazkaren testuinguru nahasian, behin-behinean hilobiratu zuten Zarauzko hilerrian, inongo ikurrik eta izenik gabe, gertukoa zuten sendi baten panteoian. Aranzadiko kideek berreskuratu zuten gorpua eta Gogora institutuak familiaren esku utzi zituen gorpuzkiak duela ia bi urte. Haren ondorengoek Tolosan hilobiratu nahi izan zuten Alberdi, udalak herriko seme-alaba kutunentzako duen panteoian eta Xabier Lizardi poetaren aldamenean

Mikel Alberdiren aldeko hileta elizkizuna Loiolako basilikan. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Orain zikloa ixteko, Aranarekin eta Alberdirekin egin bezala, Egaña Uriari merezitako aitortza egitea bultzatu nahi du Aranzadi zientzia elkarteak. Urteotan Saseta Defentsa Sistemaren iparraldean egindako ikerketak erakutsi baitu eremu geografiko zabalagoa hartzen duela 36ko abuztua eta iraila artean antolatu zen euskal erresistentziak. Hegoaldeko eremuan ikerketarekin jarraitu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen dute aurrez Egaña Uriaren memoria berreskuratzea. 

Jose Joakin Egaña Uriaren argazki bat

 
«Indar armatu antolatu moduan, hemengoak izan ziren lehenengo gudari hildakoak»

 

  • KARLOS ALMORZA 
    • Aranzadi zientzia elkartea

Karlos Almorza Arrieta (Andoain, 1959) Aranzadi zientzia elkarteko kide eta Historian doktorea da. Saseta Defentsa Sistemaren inguruko ikerketa gidatu du urte hauetan.

Egaña Uria Larraulen lurperatu zutela dioten dokumentuak topatu dituzue. Zein izango da hurrengo pausoa?

Hasteko, Egaña Uriaren familiari aurkitutako dokumentuen berri eman genion, baita Azkoitiko artxiboari eta Asteasuko alkate den Pili Legarrari ere, hauek ere jakitun izan zitezen. Ikusiko dugu zein izan daitekeen hurrengo pausoa, bien bitartean ari gara idazten azken urtean egindako guztiari buruzko txostena. 

EAJko kidearekin batera Larraulen gudari gehiago lurperatu zituztenaren zantzuak dauzkazue?

Hori ez dakigu. Aurkitutako dokumentuak Egaña Uria bakarrik aipatzen du.

Zergatik uste duzue ekarri zutela Egaña Uriaren gorpua Larraulgo hilerrira?

Ez zuten ekarri. Guk dakigunez Egaña Uria kide batzuekin batera janari bila hurbildu zen Larraulera. Egon gara ikertzen nola etorri ote ziren Andazarratetik Larraulera Asteasutik pasa gabe, dagoeneko ordurako frankisten eskuetan baitzegoen Asteasu.

Jexux Bidaola 'Txirrita' eta Jose Luis Iraola 'Puskas' izan ditu Almorzak laguntzaile ikerketa.

XX. mendeko 50eko hamarkadan egin zuten Larraulgo hilerri berria. Hilerri zaharreko gorpuak ez zituzten lekualdatu kanposantu berrira?

Guk dakigunez, ez. Larraulgo udal langileak esan didate gertatu izan zaiela plazan lan batzuk egin beharra eta nola bertan giza hezurrak aurkitu izan dituzten, horrek esan nahi du denak, behintzat, ez zituztela eraman.

Zeinek eman beharko luke gudariaren gorpua hor ote dagoen jakiteko indusketa lanak egiteko baimena?

Hasteko familiak egin beharko luke eskaria. Gero gerokoak. 

Zergatik da zuen ustez garrantzitsua Egaña Uriaren gorpua berreskuratu eta hari aitortza egitea?

Orain 13 urte gai hau antolatzen hasi ginenean Pello Aranburu andoaindarra gurekin zen taldean. Pello pertsona on bat zen eta oso kultua. Aurrez aurre genuen ikerketaren dimentsioaz jabetu ginenean erabaki genuen gutxienez aurreneko hildako hauen historia argituko genuela eta behintzat nortzuk izan ziren eta beraien gorpuekin zer gertatu zen azalerazten saiatuko ginela. Pello bizitza honetatik joan zaigu, baina beti presente izan dut berekin hitz egindakoa.

Bestalde, Historiaren leihotik erantzungo dizut: 1936-1939ko deitutako Gerra Zibilean, Azpeitiko Komandantziako euskal nazionalistek, indar armatu antolatu moduan, lurralde hauetan izan zituzten aurreneko gudari hildakoak dira aipatutakoak. Egaña Uria da, adibidez, PNVko aurrenekoa.

Arana, Alberdi eta orain Egaña Uria. Hildako gehiago ere izan ziren Saseta Defentsa Sistemaren testuinguruan. Zergatik egin duzue lanketa hiru hauekin?

Aurrenekoa ANVkoa zelako, bigarrena Mendigoizale taldekoa eta hirugarrena PNVkoa.

Bukatutzat ematen duzue Saseta Defentsa Sistemaren iparraldeko partean, Asteasu, Larraul, Zizurkil eta Adunako lurretan egin duzuen azterketa?

Bai, honekin bukaerako bidean, beste atal garrantzitsu bat beteko dugu. Orain Saseta Defentsa Sistemaren Hernio hegoaldeko partera bideratuko dugu gure lana. Poliki hasi eta ondo antolatuko dugu ikerketa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!