1980-81 bueltan legeztatu ziren lehen irrati libre edo piratak. Kuraiaz eta gogoz beteta, zenbait pertsona bildu ziren garai hartan Maule-Lextarre inguruan, eta irrati hau abiatzea deliberatu zuten 1982an. Bertako berri gutxi ematen zenaren sentsaziotan zebiltzan eta euskaratik eta ezker ikuspuntu batetik informazio falta sumatzen zuten. Hasiera amateurra izan zen noski: portugesez emandako saioak, CGTk sortutako saioak, ikastolako gurasoek egindako saioak… Irabarneko gaztelutik eman ziren lehen saio hauek. Urtebetera edo, herriko plazara ekarri zuten irratia, eta hamabost urte inguru han emanik, gaur egungo Victor Hugoko egoitzara pasa ziren. Bertan dira harrez gero.
Ez da zaila irudikatzea nola izan ziren hasiera haiek. Jendeak borondatez egiten zituen lanak norberaren lanaldia bukatu ostean. Punching ball gisa barrenak husten zituzten hemen eta han irratia emititzen jarduteko. Gaur egun profesionalizatua da noski; badira laguntzaile batzuk emankizun batzuk sortzen baina soldatapeko langileek gidatzen dute irratia. Egun sei langile daude XBn: bost lanaldi oso eta lanaldi erdi bat.
XB elkarte bat da. Administrazio Kontseilu bat du eta honek erabakitzen du elkartearen iparra. Kontseilu honek leku bat du Euskal Irratien Administrazio Kontseiluan. (bost irratiz osaturiko federazio bat da EI: XB, Irulegi, Antxeta, Gure eta Amikutzeko irratiak.) XBko koordinatzaileak bermatzen du irratien, langileen eta administrazio kontseiluaren arteko lotura. Funtzionamendu nahiko asanblearioan gobernatzen da XB egun.
Zuberoa oso herrialde txikia da jakina, eta are eta txikiagoa euskal komunitatea; zoritxarrez txikiagoa euskaraz bizitzeko edo informatzeko hautua hartua duen pertsona kopurua. Nola sustengatzen da beraz horrelako proiektu bat? Gastuen %30a Frantziako Estatuak ematen duen laguntzarekin osatzen da; beste %30 EKEtik jasotzen da (Euskal Kultur Erakundea); azken herena Zuberoako jendarteak ematen du. Ekimen hau oso inportantea delakoan nago ni. Batetik gauzak egiteko gogoa eta ekimena zegoen garaietara eramaten nauelako (zenbat proiektu/ekimen dugu bizirik eta osasuntsu gaur egun baina modu honetan sortuak…) eta bestetik iraunkortasuna susmatzen dudalako jendeak sinesten duen bitartean. Etxez etxe pasatzen dira urtean behin diru eske, eta argi da dirua jaso egiten dela.
XBn euskara entzuten da nagusiki (zuberera prefosta), eta frantsesa ere bai, pixka bat. Elkarrizketatuek euskara ez dakitelarik, frantsesez ematen da zenbait elkarrizketa. XBren ohiko entzule bat bazara, ez duzu hilean bi minutuz entzungo espainiera.
XBk iraun egin du eta arrazoiak izango dira noski. Indarguneen artean honakoak aipatuko nituzke: euskaraz eta zubereraz komunikabide bakarra da, internet asko erabiltzen da (biziki webgune polita da XBk duena) eta zuberotarrez publikatzen duen medio handiena da (egunero bi artikulu publikatzen dituzte webgunean). Ahulgunea, esan beharrik ez, gehiago egin nahi baina sosik ez! Etxez etxeko kanpainan gero eta jende gutxiago dabil azken urteetan. Hamar pertsona ingururekin herri guztiak pasa ezinean ibili ohi dira.
«Zuberotarren mintzatzean garrantzia oso handia du bertan esan eta erabilitako moldeak fite zabaltzen direlako»
Orain bi urte Zuberoako hedabide guztien gainean ikerketa bat egin zen eta datu oso esanguratsu bat atera zen: Zuberoako %35k XB entzuten du. Euskaradunen %70k irrati hau entzuten du XBren kalkuluetan. Bada zerbait!
Entzule profila ere nahiko zehaztua dute XBko langileek. Batetik ikastola bueltako jendea (Ipar Euskal Herria bat bezala ulertzen duen jendea) eta zuberotar hutsak bestetik; hots, etxean euskara-transmisioa jaso duen jendea baina euskara edo zuberotarra aparteko kezka edo interesik gabe bizi duen jendea. Ikuspegi abertzale berezirik ez duen jendea alegia.
Ikuspuntu linguistikotik duen garrantzia ere aipatzekoa; eredu gisa kontsideratua da. XBn zer/nola esaten diren gauzak jaso egiten da eta hein handi batean gisa horretan erabili. Zuberotarraren mintzatzean eta bilakatzean garrantzia oso handia du bertan esan eta erabilitako moldeak fite zabaltzen direlako. Euskal Herriko beste euskalkiak eta euskara batua Zuberoako belarrietara iristeko biderik eraginkorrena ere, XB da zalantzarik gabe. Bejondeizuela!